Txistulariak, dantzariak, bertsolariak eta meza San Roke Eguna ospatzeko, Astigarragan eta Aranon

Kronika - Erredakzioa 2010ko abu. 13a, 02:00

San Roke Eguna urteko ospakizun garrantzitsuenetakoa izaten da aranoarrentzat, eta ekitaldi ugari an­tolatu dituzte astelehenerako. Aur­­tengo festa egunak gainera izango du berezitasun bat: Mikel Ruiz hernaniarrari omenaldia egingo diote.

Musikarekin hasi
eta bukatuko dute eguna

Txistu doinuek egingo diote ongi etorria San Roke festari, goizeko 10:15etan Plazan izango den kon­tzentrazioarekin. Eta momentu horretatik aurrera, nabaria izango da egun osoan zehar izango duten presentzia. Bazkaldu aurretik eta ondoren ere kalejira egingo dute, Aranoko kaleetatik barrena.
Txistuaren eta San Roke Egunaren lotura aspaldidanik dator. Txistu doinuak Antsorenatarrak eta Zubilla­gatarrak hasi ziren zabaltzen San Roke Egunean. Orduan oinez joaten ziren Hernanitik. Ondoren, urte luzeetako hutsunea izan zen, eta beste txistulari hernaniar batek errekuperatu zuen ohitura; Antonio Intxausti Ansak hain zuzen. Gaur egun berriz, bazter guztietatik joandako txistulariak elkartzen dira Aranon.

Meza, bazkaria eta agurra

Goizeko 11:00etan Meza izango da Aranon, bertako eta inguruko herrietako jende ugari erakartzen dituena, tartean hernaniarrak. Eta eguna behar bezala ospatzeko, aurten ere ez dira faltako bazkaria eta festa amaierako agurra. Agur Jaunak abestuko dute.

EGITARAUA:
10:15 Txistulari kontzentrazioa.
10:30 Meza abisua eta txistulariak
10:40 Txistularien irteera ermitatik
11:00 Meza ermitan
12:00 Pelota partidua
13:30 Txistulari kalejira
14:30 Kontzejuan bazkaria
19:00 Txistulari kalejira
19:30 ‘Agur Jaunak’ abestuz agurra

Santiomendiko tontorrean ospatuko dute San Roke Eguna astigartarrek eta Hernanitik eta inguruko herrietatik hurbiltzen diren herritarrek. Meza izango da eguneko ekitaldi nagusienetakoa eta festa egunari hasiera emango diona. Goizeko 11:00etan hasiko da, eta aurten ere giro berezia izango da ermitaren bueltan, hasi aurretik. Hernaniko, Ereñotzuko, Donostiako, Andoain­go, Oiartzungo eta Errenteriako eliztar ugari biltzen dira bertan, urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, elkar agurtzera.

Dantzariak, trikitilariak
eta bazkaria

Meza entzun eta gero, egun pasa polita egiteko aukera izango da tontorrean. Eguerdiko 12:00etan Astigar dantza taldearen emanaldia izango da ermitaren bueltan, eta ondoren, trikitilariak arituko dira festa giroa areagotzen. Eguerdian berriz,  joan den urtean bezala, bertan bazkaltzeko aukera izango da. Betizu jana egingo dute, momentuan errea, eta bazkarirako txartelak ere bertan salduko dituzte.

Bertsolariak eta dantzaldia
eguna amaitzeko

Bazkalostean, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, bertsolariak arituko dira ordubetez. Eta ondoren, gorputza astintzeko aukera paregabea izango da. 17:00etan hasita, festa eguna datorren urtera arte agurtzeko, dantzaldia izango da, Alaiki musika taldearen eskutik.

EGITARAUA:
11:00 Meza ermitan.
12:00 Astigar dantza taldearen
emanaldia.
Ondoren Trikitilariak
14:00 Betizu jana (bertan egina)
16:00 Bertsolariak
17:00 Alaiki musika taldea.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!