Autobus urdina gau osoan zehar izango da Aste Nagusian, Donostiara joan-etorria egiteko

Kronika - Erredakzioa 2010ko abu. 13a, 02:00

Larunbatean hasiko da Donostiako Aste Nagusia, eta aurten ere asko izango dira bertara joango diren hernaniarrak eta urnietarrak. Hori kon­tuan izanda, Gara­yar au­tobus zerbitzuak autobus be­reziak jarri ditu festak iraungo duen aste guztirako.

Donostian Hernanirako autobus zerbitzua

Gaueko autobus zerbitzuak bi ordutegitan banatu di­tuzte. Donostiatik Herna­nira, gaueko 02:30ak arte, 15 minuturo izango da autobusa. Ordu horretatik aurrera berriz, ordubetero izango da autobusa, goizeko 06:30ak bitartean.

Hernanitik Donostiara

Hernanitik Donostiara joan na­hi dutenek ere maiztasun be­rarekin izango dute autobusa. Goizeko 02:00ak arte (Ur­nie­tatik ateratzen da), ordu laurdenero izango da autobus zer­bi­tzua. Eta segidan, goizeko 06:00ak arte ordubetero izango da.

Amabirjin bezperan eta egunean, bereziak

Amabirjin bezperan eta egunean bertan, asteburua dela kontuan izanda, zerbitzua zabalagoa izango da. Bai Donostiatik Hernanira, eta baita Hernanitik Donostiara ere. Orduerdiro izango dira autobusak, gau osoan zehar.

Arratsaldeko 19:00etatik aurrera festa nonahi

Larunbatean kainoikadarekin hasiko da Donostiako Aste Nagusia, eta festak hilaren 21a arte iraungo du. Egunean bertan, su-artifizialen lehiaketa hasiko da, eta aurreneko partehartzailea valentziarra izango da, Turis suetxekoa. Suak gaueko 22:45etan hasiko dira. Eta kontzertuak ere ez dira faltako, Saguesen esaterako, Los Planetas taldeak joko du 23:45etatik aurrera. Aurten baita ere, egitarau alternatiboa prestatu dute Do­nos­tiako piratek, eta larunbatean Bebe, Ze esatek eta Sorkunek kontzertua emango dute Trinitate Pla­zan. Kontzertuak 21:00etan hasiko dira, eta sarrerak aldez aurretik erosi daitezke 19 euroan, www.izanpirata.info web orrian, besteak beste. Egunean bertan leihatilan ere jarriko dituzte salgai, 24 euroren truke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!