IGERIKETAKO gailurrean ibili berri dira Aitor, Luis eta Iñigo Goñi anaiak. Suediako Göteborg hirian izan dira, bertan jokatu den Munduko Master Txapelketan, eta domina ugari soinean dituztela iritsi dira Hernanira. Bi urtetik behin jokatzen da Munduko Master Txapelketa, eta aurtengoan, Goñi anaiek hamaika frogetan hartu dute parte, eta bost dominekin itzuli dira etxera. Munduko txapelketan aurreneko hamarrentzat izaten dira dominak.
Luis Goñik,
brontzezko domina
eta bi bosgarren postu
Luis Goñi da anai zaharrena, eta 35-39 kategorian hartu zuen parte. Ur irekietako modalitatean moldatzen da ondoen, eta hala erakutsi zuen Suedian. 3 kilometrotako frogan hartu zuen parte eta hirugarren postuan iritsi zen helmugara, brontzezko domina lortuz. Hala ere, ez zen Suedian irabazi zuen domina bakarra izan. 400m eta 800m libreko frogetan ere hartu zuen parte, eta bietan bosgarren postua lortu zuen.
Iñigo Goñik bosgarren eta zazpigarren egin zuen
Iñigo Goñik 30-34 mailan hartu zuen parte, lau frogetan, eta bi domina irabazi zituen, biak bizkar estiloan: 100m bizkar frogan bosgarren postua egin zuen, 50m bizkar frogan zazpigarren.
Iñigo anaiak bezala, Aitor Goñik ere 30-34 kategorian hartu du parte, 100m bizkar frogan, eta 100m, 200m eta 400m libre frogetan.
7.000 partehartzailetik gora
Txapelketan 10 kategoria izan ziren, eta guztira 7.000 igerilarik hartu zuten parte, 70 herrialdetatik joandakoak. Gipuzkoakoak 5 ziren, horietatik 3 hernaniarrak. Goñi anaiek CD Hernaniren izenean hartu zuten parte.
Iñigo Goñik azaldutakoaren arabera, txapelketan parte hartu zuten igerilariak maila altukoak ziren, horietako asko garai batean igerilari gisa ibilitakoak ziren, baina nazioarte mailan konpetitzeko aukerarik izan ez zutenak: «Txapelketan maila oso ona zegoen, igerilari oso onek hartu zuten parte, horien artean Jim Montgomery igerilaria. Montgomery izan zen Montrealgo Joko Olinpikoetan 50 segundutik beherako marka egin zuen aurreneko igerilaria. Nire eta Aitorren maila berean ere Razvan Florea igerilari errumaniarrak hartu zuen parte, 50m eta 100m bizkar frogetan, eta biak irabazi zituen».
«Esperientzia oso ona izan da»
Iñigo Goñik Kronikari adierazitakoaren arabera gustura daude lortutako emaitzekin eta bizitutako esperientziarekin: «Esperientzia pertsonal bezala oso ondo daude horrelako txapelketak. Lehen ere igerian aritutakoak gara, baina 93-94 urte inguruan utzi egin genuen arraunarengatik. Orain berriz, 17 urte geroago, berriro hasi gara horrelako konpetizioetan, presiorik gabe aritzen gara, eta gozatu egiten dugu».