«Falta zaizkidan paisaiak marrazten ditut, desagertu arren nire barruan jarraitzen dutenak»

Kronika - Erredakzioa 2010ko abu. 11a, 02:00

Papera eta kolore apal zein biziak uztartuta, pintura erakusketa jarri du Jose Angel Yanci artista hernaniarrak Donostian, Groseko NoColor aretoan (Colon pa­sealekua, 37). Erakuske­tak 21 gramoko papera izena du eta Yancik egindako 20 lan ikusteko eta erosteko aukera dago. Joan nahi dutenek, abuztuaren 27ra arte izango dute aukera, goizez, 09:00­e­tatik 14:00etara.
Erakusketa guztiko lanek papera dute euskarritzat, eta horri garrantzia berezia eman dio artista hernaniarrak izena aukeratzeko orduan. Gon­zalez Iña­rrituren 21 gramos pe­likula hartu du ardatz, papera bera ere gramotan neur­tzen baita, hala azaldu du artistak: «Iñarrituren pelikulan kontatzen den teoriak in­dar poetiko haundia du nire­tzat. Bertan esaten da, pertsona batek 21 gramo gal­tzen dituela hiltzen denean, eta gramo horiek arimaren pisua direla. Nik erakusketan jarri dudan obren euskarria papera da, eta hau gramotan neur­tzen da. Hortik dator lotura».

«Paisaiak marrazten ditut, momentuan aukeratutako koloreak nahasiz»
Yancik erakusgai jarri dituen lan guztiek gauza bera dute ko­munean, kolore asko eta oso ezberdinak erabiltzen di­tu, beti oleoz margotuta, nahiz eta artistak adierazi bezala, lan berri batekin hasten denean ez daki zer  egingo duen: «hasten naizenean ez dakit zein izango den amaiera. Erakusketan jarri du­dan formatoan mugitzen naiz. Koloreak momentuan aukeratzen ditut, egun horretan bat gustatu eta hura erabiltzen dut. Oleoz margotzen dut, abarrasarekin diluituta. Mo­du honetan bilatzen dut koadroen armonia eta oreka».

Ekialdeko filosofoen eta pintura txinatarraren influentzia  
Bederatzi eta hamargarren mendeko ekialdeko filosofia eta pintura txinatarra oso gogoko dituela aitortu dio Yancik Kronikari. Artistak dio, garai hartan paisai asko marrazten zituztela, eta ondoren ondo bildu eta gorde egiten zituztela. Urte batzuk geroago berriz, lan horiek zabaldu, eta orduan margotutako paisaiak begiratuz, bertatik paseatzen imajinatzen zutela beraien burua: «nik pixka bat hori bilatzen dut, falta zaizkidan paisaiak ma­rrazten ditut, gaur egun asko desagertuta egon arren, nire barruan jarraitzen dutenak. Nire paisaia propioak bilatzen ditut, barruan ditudanak. Ho­rie­tako asko txikitako oroi­tza­penei lotuta daude, Mar­tin­­degi auzoan bizi nin­tze­neko oraitzapenei. Nire haurtzaroko paisaiak de­sagertu egin dira, baina nik nire bu­ruan ditut, agian idealizatuta».

«Artelanak erakusten
baino gehiago, egiten
disfrutatzen dut»

Artista askoren helburua izaten da artelanak amaituta jendaurrean erakustea. Baina Yan­ciren helburua oso bestelakoa da. Yancik azaldu duenez, artelanak egiten goza­tzen du, etxean egiten eta ondoren ikusten. Hala ere, gustora sentintzen da ikusgai jarritakoan, ingurukoen eta jendearen ha­rrera ona ikusten duenean: «Erakuske­tekin gaizki pasa­tzen dut. In­gu­ru­koek animatzen naute egiten ditudan lanak erakusgai jar­tzera, eta badakit arrazoia dutela, baina etxean egiten eta ikusten askoz gustorago sentintzen naiz. Azken finean, koadroetan nire bizi­tza azaltzen da, hori kontan­tzen dut. Arte­la­nak egiten ditudanean helburua ez da saltzea, baizik eta bizitzeko egiten ditut, nire­tzako».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!