Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Chillida Leku museoak kontzertu zikloa hasi zuen atzo Alexei Volodin pianojole errusiarraren emanaldiarekin. Zabalaga baserriko aretora bertaratutakoak, Errusian barrena eraman zituen Volodinek, bere pianoaren doinuarekin. Izan ere, pianojole errusiarrak bere herrialdeko musikagile famatuen obrak jo zituen: Dimitri Shostakovich, Sergei Rachmaninov eta Igor Stravinskirenak, hain zuzen.
Datozen hiru igandetan ere, emanaldiak
Chillida-Lekuko kontzertu zikloaren barruan, beste hiru emanaldi ere izango dira atzokoaz gain. Datozen hiru igandetan izango dira: hilaren 15ean Marta Zabaleta eta Miguel Borges ariko dira; hilaren 22an Iñaki Alberdi; eta hilaren 29an Iwona Sobotka. Kontzertu guztiak ordu berean hasiko dira, 19:00etan, eta sarrerek 12 euro balio dute.
Hiru emanaldi gaur, Donostian
Gaurko egitarauari dagokionez, honako kontzertuak izango dira Donostian: Kursaal Auditorioan, Orquesta Sinfonica del Teatro Mariinsky eta Orfeon Donostiarra 20:00etan. Prezioak: 70 euro, 56 euro, 44,80 euro, 35,80 euro eta 10 euro. Organo zikloan, Olivier Latry ariko da 20:00etan, Santa Maria Basilikan, doan. Eta Antzinako Musika Zikloan, Alexandre Tharaud 18:00etan, Santa Teresa komentuan. Sarrera: 7 euro. Sarrerak erosteko, sartu ondoko helbide honetan: www.generaltickets.com/kutxa.