Gurutz Agirresarobe baldintzarik gabe espetxeratu egin dute, eta Aitziber Ezkerra libre geratu zen atzo, 21:00ak inguruan, epaileak ezarritako 30.000 euroko fiantza ordaindu eta gero. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaileak herenegun gauean hartu zuen erabakia, Luis Barroso fiskalaren eskaria aintzat hartuta.
Bi atxilotuak herenegun arratsaldean pasa ziren epailearen aurretik eta inkomunikatuta deklaratu zuten, hau da, konfiantzazko abokaturik gabe. AAMk jakinarazi zuenez, atzo, konfiantzazko abokatuak Agirresaroberekin egoteko aukera izan zuen. Familiak gaur izango du berarekin egoteko aukera.
Bi atxilotuei, ETAko kide izatea leporatzen diete eta Agirresaroberi 2003an Joseba Pagazaurtundua Andoaingo Udaltzainburua hiltzea eta Ezkerrari hilketan laguntzea.
Hondartzetan
aldarrikapenak gaur
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta, gaur, Euskal Herriko hondartzetan ekimenak izango dira euskal preso politikoen eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko. Hernaniri dagokionez, deialdia Atsegindegin egin dute 11:00etan, denak batera kotxeetan joateko.