Atxilotuen oinarrizko eskubideak urratzen ari direla eta protokoloak ez direla betetzen ari salatu dute

Kronika - Erredakzioa 2010ko abu. 7a, 02:00

Asteartean Ertzaintzak atxilotutako Aitziber Ezkerra eta Gurutz Agirresarobe hernaniarren egoeraz kezkatuta, agerraldia egin zuten atzo Tor­tu­raren Aukako Taldeko eta Behatokiko kideek, abokatuek eta modu batean edo bestean, torturaren gaia gertutik bizitu duten herritarrek. Eta salatu zuten, inkomunikazio aldian, atxilotuen oinarrizko eskubideak urratzen ari direla eta protokoloak ez direla betetzen ari. «Oinarrizko hiru eskubide bortxatuak izan dira, hala nola, errugabetasun-presuntzioa, berme juridikoa duen prozesua izatea eta tratu duina izatea», azaldu zuten.
Horrez gain, Ertzaintza­ren eta Garzonen protokoloak ez dituztela aplikatu ere salatu zuten. Protokolo horiek aplikatuz gero, atxilotuaren eskubidea litzateke senideek bere berri izatea, atxiloaldia bideoz grabatzea eta konfiantzazko medikuak atxilotua ikusteko aukera izatea. Azken eskubide hori ukatzea nabarmendu zuten, Ezkerrak duen gaixotasun kroniko degeneratiboa dela eta. «Aitziberrek gaixotasun larria daukan heinean, kezkatuta gaude eta aldi berean, ulertezina eta susmagarria egiten zaigu egoera. Zergatik ukatzen zaie eskubide hori? Beste bide batzuk erabiliz, autoinkulpazioak lortzeko eta horiek epaiketan erabiltzeko», ondorioztatu zuten.  

«Faltsuki akusatuak
izan dira eta operazioa
propaganda egiteko izan da»

Atzoko agerraldian azpimarratu zuten, atxilotuak faltsuki akusatuak izan direla eta operazio poliziala ez dela justizia edo egia bilatzeko helburuarekin egin, propaganda egiteko baizik. Eta Euskal Herrian, demokrazia eta bakea lortzeko bidean, horrelako operazioek ez dutela tokirik azaldu zuten, «oztopoak besterik ez baitira konponbiderako».

Legebiltzarraren erabakia urratua
Itziar Bazterrika eta Ane Auz­mendi EHAKko legebiltzar­kide ohiak ere izan ziren agerraldian eta gogorarazi zuten Eusko Legebiltzarrak onartua daukala bost puntutako legez besteko proposamena, non eskatzen den besteak beste, inkomunikazioa bertan behera uzteko, «hori delako tortura sistematikoki saihesteko modua».

Inkomunikatuta epailearen aurrera atzo
Amnistiaren Aldeko Mugi­men­duak jakinarazi zue­nez, bi atxilotuak atzo ziren epailearen aurrera eramatekoak, eta inkomunikaturik deklaratzekoak zi­ren, hau da, konfidan­tzazko abo­katurik gabe. Ho­rrez gain, azaldu zuten biak ospitalera eraman dituztela inkomunikazio aldian. «As­teaz­kenean Ai­tzi­ber Ezkerra Gasteizko San­tiago ospitalera eraman zuten, eta herenegun eta atzo, Gurutz Agirresarobe. Here­negun traumatologiako sailera eraman zu­ten eta atzo otorrinoaren sailera, belarriko infekzio bat me­dio».

Atzo mobilizazioak
Asteartetik, egunero egin be­zala, inkomunikazioa sala­tze­ko mobilizazioak izan zi­ren atzo Hernanin. Gaur asanblada infomatiboa izango da, Plazan, 20:00etan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!