ERTZAINTZAK asteartean Aitziber Ezkerra eta Gurutz Agirresarobe atxilotu zituenetik bi atxilotuek inkomunikatuta jarraitzen dute, eta Hernanin egunero ari dira mobilizazioak egiten, inkomunikazioa salatzeko. LABek deituta, kontzentrazioak egiten ari dira Udaletxe aurrean eguerdiko 12:00etatik 12:15etara, Aitziber, Gurutz askatu! Inkomunikazioa ez! lelopean, eta gaur ere izango da. Sindikatu abertzaleak hilabeteko lehenengo ostiraletan Zinkoenean egin ohi duen kontzentraziorik, berriz, ez da izango eta Udaletxe aurrera azaltzeko deia luzatu dute. Horrez gain, 20:00etan, asanblada informatiboa izango da Plazan, eta ondoren, manifestazioa. AAM: Etzi, Euskal Herriko hondartzetan ekimenak Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta, igandean, Euskal Herriko hondartzetan ekimenak izango dira euskal preso politikoen eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko. Hernaniri dagokionez, deialdia Atsegindegin egin dute 11:00etan, kotxeetan joateko.