UZTAILA atzean utzi eta abuztuan aurrera goazen honetan, udako oporraldiak eta bidaiak ezin aipatu gabe utzi eta Hernaniko Kronikak Hernani Bidaiak agentziarengana jo du, hernaniarrek aurten egin dituzten eta egitekotan diren irteeren berri izateko. Begoña Lujanbio, Hernani Bidaiakeko arduradunaren arabera, eskarien artean, ohiko bidaiak nabarmendu dira aurten ere, hala nola, Mediterraneoa eta Kanariar uharteak eta Europako zenbait hiriburu. «Askok Mediterraneoko kosta aldera jotzen dute, Saloura esaterako. Abuztuan, gainera, oso eskaintza onak daude. Balear irletan berriz, aurten Ibiza nabarmendu da, batez ere. Eta Kanarietan, Lanzarote eta Fuerteventura», azaldu du. Estatutik kanpo, Europan zehar 4 eguneko egonaldiak egiten dituztenak ere badirela gaineratu du Lujanbiok eta horiek batez ere, Londres edo Amsterdam izaten dutela helmuga, zuzeneko hegaldiak baitaude.
Ohiko bidaiez gain,
denetarik
Lujanbioren hitzetan, batez ere, aipaturiko bidaiak izan dira hernaniarren artean nagusitu direnak, baina horiez gain, eskaria denetarikoa izan da: Kroazia, Grezia, New York, Washington, Sardinia, Riviera Maya, Costa Rica, Tunez, Thailandia...
Aukeraketa umeen arabera izaten da askotan. Familiek batez ere, Mediterraneo eta Kanarietara jo ohi dute, baina umeak koxkortu xamar badituzte, kruzeroek ere arrakasta haundia izaten dutela dio Lujanbiok. Bikote eta lagun taldeeen artean, berriz, helmuga bariatuagoa izaten da, «presupuesto eta denboraren araberako izaten da».
Aurrekontuari erreparatuz, astebeteko egonaldietarako honako aukeren berri eman du Lujanbiok: «100-300 eurorekin, nekazalturismoetan egonaldiak izan daitezke Asturias, Cantabria inguruan edo Salou eta Benidormen ere bai. Azken orduko eskaitza bereziren bat bada, Mallorcara joateko aukera ere izan daiteke. 400-600 euro artean, berriz, Balear edo Kanariar irletara. Eta 600-1.000 euro artean, Europako leku ezberdinetara, kruzeroak egitera, eta denboraldiaren arabera, Karibera ere bai».
Hernaniko nekazalturimo eta hotelak gustora
Udan, batzuk herritik kanpo joaten dira oporrak pasatzera, baina badira herria eta inguruak ezagutzera etortzen direnak ere. Eta aurten ere, katalanak eta madrildarrak nagusi izan dira Pardiola nekazalturismoak eta Arrobi eta Txintxua hotelek azaldutakoaren arabera. Horiez gain, Valentzia, Logroño, Zaragoza eta Galiziako turistak ere izan dira eta badira Pardiolan. Estatutik kanpoko turistak berriz, Frantziatik datoz, batez ere, baina baita Alemania eta Italiatik ere. Orokorrean, gustora daude izandako uztailarekin eta abuztua hobea izango dela aurreikusten dute herriko ostalariek. Donostiako Aste Nagusiak eragina duela ere aipatu dute.
Etortzen diren turisten planei dagokienez, guztiak asmo bera izaten dutela azaldu dute: batez ere, Euskal Herriko kosta ezagutu eta gastronomiaz gozatu.