URTEAK aurrera joan arren, badira ahaztutzen ez diren gertaera batzuk eta horietako bat da 1960 urtean jubenil mailako Hernani taldeak Atotxa futbol zelaian jokatu zuen finala. Hernanik Añorga izan zuen aurrez aurre, eta gol polemiko bat tarteko, 0-1 galdu zuen. Korner batean, Karmelo Amasek eskuarekin sartu zuela diote hernaniarrek. Eta, gaur egun, ez beraiek bakarrik, Amasek berak aitortu izan die hala izan zela. Final haren 50garren urteurrena dela eta, errebantxarako gogoa piztu egin da zenbait hernaniarren artean eta zerbait prestatzea ere pentsatu dute, oraindik zehaztu gabe baldin badute ere. Hori bai, aurreratu dute oraingoan futbol partidua ez dela izango, urteak ez baitira alferrik pasatzen!
Talde sendoa
Orduko taldeak Martin Zabalegi Sastre zuen entrenatzailea eta taldea ez zen nolanahikoa. Hernani eta inguruko jokalariek osatzen zuten. Honakoak ziren taldeko jokalariak: Antton Garin eta Joxe Mari Zubillaga (atezainak), Felipe Arbelaiz, Egaña (Lasartekoa), Benito Errazkin, Igera (Lasartekoa), Julian Loiarte, Elosegi (Donostiakoa), Zubillaga (Donostiakoa), Felix Iribar (Urnieta), Jesus Bilbao (selekzioarekin jokatu zuen) eta Luis Mari Ibañez.