Atxilotuei tratu duina ematea, eskubideak errespetatzea eta inkomunikazioarekin bukatzea eskatu dute senide, abokatu, mediku eta herritarrek

Kronika - Erredakzioa 2010ko abu. 5a, 02:00

AITZIBER Ezkerra eta Gu­rutz Agirresarobe herenegun atxilotu zituztenetik inkomunikatuta daude Ertzaintzaren eskuetan eta jasan dezaketen tratuarekin oso kezkatuta, age­rraldia egin zuten atzo pren­­tsaurrean senide, abokatu eta mediku banak, hainbat herritarrekin batera. Atxi­lo­tu­ei tratu duina ematea, eskubideak errespetatzea eta inkomunikazioarekin buka­tzea eskatu zuten. Batez ere, Ezkerraren egoeraz kezkatuta daudela azaldu zuten, espondilitis ankilosantea izeneko erreuma baitu, hau da, gaixotasun kroniko larria. Ezkerrak mediku berezia eta medikazioa behar dituela eta postura zaintzen ez badu artikulazioan blokeoa izan dezakeela jakinarazi zuten Miren Arana medikuak eta Pello Zubiriak. Zubiriak gaitz bera du eta atxilotuta eta inkomunikatuta egon zen Egunkaria auzian. Ezkerrak komisaldegian ja­san ditzakeen posturak jada tortura direla nabarmendu zuten.


‘Garzon protokoloa’ aplikatzeari ezezkoa
Alde juridikoari dagokionez, Miren Arana medikuak, Gal­der Gonzalez Ezkerraren mu­tilagunak eta Aihert La­rrar­te abokatuak azaldu zu­ten Garzon protokoloa deiturikoa aplikatzeko eskatu dutela, baina Fer­nan­do Grande-Marlaska epaileak, operazioa agindu duenak, ezezkoa eman diela, ez duelako beharrezko ikusten. Aipaturiko protokoloa aplikatuko balitz, inkomunikatuta dagoen edozein atxiloturen eskubidea litzateke senideek bere berri izatea, atxiloaldia bideoz grabatzea eta konfiantzazko medikuak atxilotua ikusteko aukera izatea. Larrarte abokatuak argitutakoaren arabera, Ertzain­tzak badu bere protokoloa, es­katu gabe ere aplikatu behar duena. Senideei egunero atxilotuaren berri ematea eta atxiloaldia bideoz grabatzea litzateke protokolo horrek biltzen duena, baina errealitatean ez dela hori ziurtatzen gaineratu zuen. «Oraingoz inork ez du grabaziorik ikusi, ez Ararteko, ez abokatu ez inongo instituziok. Aukera ona dute atxilotuen eskubideak errespeta­tzen dituztela erakusteko». Dena dela, argi utzi zuen neurri horiek ondo daudela, baina tortura benetan gainditu nahi bada, inkomunikazioarekin bukatu behar dela.


«Ertzaintzaren jokabidea gehiegizkoa izan da»
Galder Gonzalez Ezkerraren mutilagunak kezka azaltzeaz gain eta arduradunei atxilotuen eskubideak errespeta­tzea eskatzeaz gain, atxilo­ke­­ta­ren momentuan bizitakoaren berri eman zuen. Salatu zuen Ertzain­tzaren jokabidea gehiegizkoa izan zela: «Atea lehergailuekin bota zuten sekulako triskan­tza eraginda. Inongo mo­men­tuan ez ziguten esan zein zen atxilotua zegoena eta zeintzuk ziren arrazoiak». Gaineratu zuen ha­rritzekoa zela goizeko ordu horietan hainbeste komunikabide egotea eta kezka azaldu zuen. «Ez dakigu inten­tzioa zein den, baina badakigu iritzi publikoan izaten duen eragina eta ez dute errugabetasun presuntzioa errespetatu ere egin».


Mobilizazioak inkomunikazioak iraun bitartean
Inkomunikazioak iraun bi­tar­­tean mobilizazioak izango dira herrian. Azken bi egunetan bezala, eguerdiko 12:00e­tatik 12:15etara kon­tzen­tra­zioa izango da Uda­le­txe au­rre­an, LABek deituta. Eta arra­tsaldeko 20:00etan, asanblada informatiboak Plazan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!