Hernaniri buruzko informazioa eskuratzeko, Udalak azken hiru urteetan Turismo Bulegoa jarri du uztaila eta abuztuan zehar, eta orain arteko balantzeaz galdetuta, aurtengo uztaila ona izan dela azaldu dio Kronikari Ania Ibarguren bulegoko langileak. «Aurten jende gehiago etorri da. Iaz uztailean 150 bat turista hurbildu ziren eta aurten 250 inguru». Aurten, Biteri aurreko plazan jarri da Turismo Bulegoa eta herrian barrena seinaleak jarri direla eta, eragina izan duela uste du Ibargurenek. Eta jende gehiago etortzeaz gain, turista «bariatuagoak», leku ezberdinetakoak etorri direla azpimarratu du: «Ohi bezala euskaldun eta katalan mordoa etorri da, baina baita AEBetatik, Massachusettsetik, Kolonbiatik, Frantziatik, Belgikatik, Italiatik...». Belgikako Boys Scauth-ak ere izan ditu bisitan, «ezer gastatu gabe akanpatzeko leku bat nahi zuten!».
Sagardoa eta jana ria nagusi
Eskuratu daitekeen informazioari dagokionez, herriko plano turistikoa, monumentu historikoen informazioa, parke botanikoari buruzko liburuxkak, Chillida-lekuri buruzkoak, Santa Barbara... Horiez gain, aurten, Hernaniri buruzko DVDa eskuratu daiteke, Barne Barnetik izenekoa, eta bi ibilbide ere bai: Sagardotegiak eta Santa Barbara. Goizuetako monumentu megalitikoen eta bertako ibilbideen informazioa ere badago. Dena dela, Ibargurenen esanetan, «turistak gehienbat sagardoa eta hemengo jana probatzeko gogoz etortzen dira, ibiltzeko gogoz baino».