ETXEZ etxeko esne partitzeak bukatu zirenetik, ez zuen erraza herritarrak, eguneko esnea bilatzea. Atzotik, Urbieta kaleko makinan erosi ahal izango da, hain preziatua izan dugun esne hori; dagoeneko probatu dutenak badira, atzo jende asko inguratu baitzen inauguraziora.
Eguneko esne pasteurizatua
Eguneko esnea jarriko da salgai Urbieta kaleko makinan. Landarbasoko Basosoro baserritik ekarriko dute esnea, eta egunero aldatuko dute. Esneak 5 egun inguru iraun ditzake etxean, freskoan edukiz gero, eta ez dago irakin beharrik, pasteurizatua dagoelako. Pasteurizatzeko makina, Basosoron bertan daukate, atzo Joxe Miguel Iñarra bertako nagusiak azaldu zuenez.
Joan eta erosi, norberak
Litroa edo litro erdia erosi ahal izango da, euro bat edo euro erdi ordainduta. Makina automatikoa da, saltzailerik ez dugu aurkituko, eta sistema sinplea da: ezkerrean, ontzia sartzeko lekua; erdian, dirua botatzeko zirrikitua, eta bi aukera: litro bat edo litro erdi. Eskubian, ontzia erosi dezakegu, kristalezkoa edo plastikozkoa, eta behin eta berriz erabiltzeko modukoa.
Makinaren atzealdean 200 litroko depositua dauka, eta egunero aldatuko da esnea.
«Hernanik behar zuen hau»
Atzoko inaugurazioan izan ziren, Joxe Miguel Iñarra, Basosoro baserriko nagusia eta makinaren ardura izango duena; Marian Beitialarrangoitia Alkatea; eta Behemendiko arduradunak.
Beitialarrangoitiaren iritziz, garrantzitsua da Hernanirentzat aukera hau izatea, «askotan keinu txikiek esanahi haundia izaten dutelako». Ganaduzaleei oso prezio kaxkarrak ordaintzen zaizkiela adierazi zuen, eta horrela prezio duinagoan salduko dutela esne litroa. «Eta horrez gain, badakigu inguruko larreetan ibilitako behi-esnea dela, kalitatezkoa, inguruak txukuntzen eta garbitzen ari diren baserritarrek ekoiztua. Euro bat ez da hain prezio altua, hori dena kontuan hartuta». «Eta badu beste abantaila bat. Hondakin gutxiago sortuko dugu, ontziak berrerabili egin daitezkeelako, eta askoz tetrabrik gutxiago erabiliko ditugulako».
Gipuzkoan 8 makina
Hernanin jarritako makina ez da berria Gipuzkoan. Dagoeneko beste 7 makina jarriak daude, Oiartzun, Errenteria, Usurbil, Lasarte-Oria, Donostia (Antiguo), Beasain eta Lazkaon. Hernanikoa beraz, zortzigarrena da, eta beste sei lekutan jartzeko asmoa ere badago: Donostian bi (Amarako Easo plazan eta Arcon), Hondarribian, Trintxerpen, Bergaran, eta Azpeitian.
Gipuzkoan akordioa egina dago esne-makina hauek bultzatzeko, eta horretan ari dira: EHNE sindikatua, Lurgintza, eta Behemendi bezalako landa-garapen elkarteak. Horregatik subentzioak ematen zaizkie esne-makina jartzen duten ganaduzaleei (%30 inguru). Baldintzak: gehienez bi makina jarri ditzake bakoitzak, eta bere ganadutegiko esnea saldu behar du. Zer lortu nahi da: bertako esnea izatea, esne ekologikoak indarra hartzea (ez da beharrezko baldintza), kalitateko esnea izatea.
Joxe Miguel Iñarra baserritarra:
«Errenterian adibidez, ondo funtzionatu du»
JOXE Miguel Iñarrak ekarriko du egunero esnea, Basosoro baserriko bere ganadutegitik. Iñarrak badaki zer den lan hori, Errenteriko makina ere berea delako, eta oraingoz 8 hilabetean mugimendu polita izan dutela adierazi dio Kronikari. 90.000 euro inguruko inbertsioa eskatzen du makina jartzeak, baina merezi duelakoan dago Iñarra. «Inbertsioa dezentea da, baina ondo funtzionatzen ari dela ematen du, eta gainera ez daukagu beste bide askorik. Pentsuaren prezioak berriz gora egin du, eta gaur egun 27-30 zentimo ordaintzen digu esne-litroa zentralak. Hemen, euroa jasoko dugu». Makina 07:00etan irekiko dute, eta 22:00etan itxi. Iñarra, egunero etorriko da Hernanira, 21:30ak aldera, eta sobratu den esnea kendu, eta 200 litroko tankea bete egingo du. 50 litro falta direnean, abisua iritsiko zaio Iñarrari, tankea berriz betetzera etortzeko. Iñarrak, lehen, kalean saltzen zuen esnea, eta bizi guztia daramaki ganaduak zaintzen. Gaur egun, 40 buru inguruko ganadutegia daukate Basosoron, eta beraiek egiten dituzte ganaduentzako artoa, belar ontzea, bolak eta abar.