euskaldunen eta alemanen arteko sega desafioa izango da Hernanin hilaren 28an. Almitza Sega Elkarteak antolatu du apostua, eta aurrez aurre izango dira batetik, Bixente Mitxelena eta Jexus Mari Goenaga segalari euskaldunak, eta bestetik Schmit eta Stefan Heinz alemaniarrak. Desafioa arratsaldeko 17:30etan izango da, Jauregi baserriko belardian.
Nazioarteko Txapelketan bururatutako ideia
Sega Elkarteak azaldutakoaren arabera, desafioaren ideia joan den urtean sortu zen, eta buelta asko eman ondoren, hitzarmena 2010eko maiatzean sinatu zuten. Euskal segalariek Alemaniako Nazioarteko Sega Txapelketan parte hartu zutenean abiadura-iraupenaren inguruko eztabaida sortu zen, eta horrek iraupeneko froga bat probatzeko harra piztu zien alemaniarrei: «2009ko abuztuan euskal segalariek Alemanian jokatu zen Nazioarteko Sega Txapelketa irabazi zuten. Nazioarteko txapelketetan txukuntasuna eta abiadarua hartzen dira kontuan, Euskal Herrian ez bezala. Hemen iraupena da lana baldintzatzen duena, eta ez hori bakarrik, ondoren pisatu ere egiten da belarra. Hori dela eta sortu zen eztabaia alemaniarren eta euskaldunen artean».
Irabazlea belar gehien
mozten duena izango da
Desafioa egitea adostuta, alemaniarren nahia zen ordubeteko saioa egitea, txanda librekoa; hau da, batak besteari txanda nahi duenean emateko aukera izatea. Euskaldunek ordea proposatu zuten hemen egiten den bezela egitea, segalari bakoitzak ordubeteko saioa egitea.
Sega Elkarteak adierazitakoaren arabera, azkenean adostasun batera iristea lortu zuten, eta tarteko zerbait egitea erabaki zuten: «lau segalari izango dira, bi alemaniar bi euskaldunen kontra. Segalari bakoitzak hasi eta ordu erdiko saioa egin beharko du jarraian. Ondoren, irabazlea belar pisuaren arabera erabakiko da, hau da, irabazlea belar kilo gehien mozten dituena izango da.
Baldintzak Euskal Herriko ohiko desafiotakoak dira
Araudiari dagokionez, baldintzak Euskal Herriko ohiko desafioetakoak izango dira. Talde bakoitzak bere belar biltzaileak izango ditu. Hortaz, herrialde bakoitzeko biltzaileek bere herrialdeko segalariek ebakitako belarra bildu eta pisatu beharko dute, guztia eskuz. Eta belarra bi ebakialdikoa izango da.
6.000 euro jasoko ditu
bikote irabazleak
Almitza Sega Elkarteak jakinrazi du, bi alderdiak hala sintatuta, jokatuko dena honakoa izango dela: bikote irabazleak 6.000 euro irabaziko ditu, eta galtzaileak 3.000 euro.
Horrez gain, azaldu dute desafioa internet bidez ikusi ahal izango dela www.almitza.org web gunean, bi hizkuntzetetan: euskaraz eta alemanez.