Banakako Txapelketaren azken txanpa Galarretan, larunbatean hasi eta irailera bitartean

Kronika - Erredakzioa 2010ko uzt. 29a, 02:00

Banakako Erremonte Txapelketa aurkeztu zuten atzo Donostian, Casino Kursaalek berretsi egin du erremontearen aldeko apustua, erremonteak azken aldian izan dituen gora beherak alde batera utzita. Hala adierazi zuen atzo Odon Elorza Casino Kursaaleko marketing arduradunak, bere esanetan «udara ez da berdina erremonterik gabe».
Partidu guztiak Galarretan jokatuko dira, 16:00etatik aurrera, eta larunbatean izango da aurrenekoa. Finala  berriz, irailaren 9an jokatuko da.

Hamaika erremontistek hartuko dute parte azken fasean
Banakako Txapelketak berrikuntza bat izan du aurtengoan. Ofizialki hasi aurretik, Oriamendi enpresako erremontista guztiek izan dute sailkapen fasean parte hartzeko aukera, eta horietatik 5 pasa dira final laurdenetara: San Miguel, Olazar, Matxin IV, Etxabe II eta Uterga.
Final laurdenetan hamar erremontistek hartuko dute parte, bi taldetan banatuta. Bost joan den urtean sailkatutakoak dira: Ezkurra, Zeberio II, Juaristi, Lizaso eta Urriza. Gainontzeko bostak berriz, sailkapen fasean aurrera egindakoak. Final laurdenetan bost kanporaketa jokatuko dira, eta partidua irabazten dutenak izango dira finalerdietako ligaxkara pasako direnak.
Finalerdietako ligaxkan Urrutia izango dute zain, A taldean, joan den urteko txapelduna. Beraz, A taldeko bi kanporaketetako irabazleek Urru­tiarekin jokatu beharko dute finalerako txartela. B taldeko kanporaketetako irabazleek elkarren aurka jokatu beharko dute ligaxka.
Final haundia irailaren 9an jokatuko da A eta  B taldeetako aurrenekoen artean. Partidua ETBk emango du, zuzenean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!