Bertsolariak, herri kirolak, bazkaria eta erromeria San Inazio eguna ospatzeko, Santa Barbaran

Kronika - Erredakzioa 2010ko uzt. 27a, 02:00

SAN Inazio eguna ospatuko dute larunbatean, uztailaren 31an, Santa Barbarako tontorrean. Festa eguna Morkaiko taldeak antolatzen du, Hernaniko Udalaren lagun­tzarekien, eta aurten ere, ekitaldi ugari antolatu dituzte San Inazio eguna ospatu nahi duten guztientzat. Festa egunari hasiera txistulariek emango diote, Diana izango baita goizeko aurreneko orduan. Ondoren, bertsolariak arituko dira; hiru izango dira, tartean Antton Garin, aurten ere hutsik egin gabe. Eguerdiko 12:00etan, tradizioa bihurtu den meza izango da Santa Barbarako ermitan, eta aurretik, ordu laurden lehenago, omenaldia egingo diote Indio eta Atarrabiyori.

Aizkolariak, txingak eta lokotsak bazkaldu aurretik
Euskal Herriko festa gehienetan izaten den moduan, Santa Barbarako San Inazio egunean ere ez dira herri kirolak faltako. Aizkoran hiru bikote arituko dira lehian: Rosario eta Arbitza, Larra eta Barrene­txea, eta Larrabide eta Paolla. Aur­tengo aizkora probak gainera izango du berezitasun bat: 30 urte beteko dira, aurreneko aldiz, Larrabide eta Pikabea Santa Barbaran aizkoran ari­tu zirela. Herri kirolen festarekin bukatzeko, gaztetxoak arituko dira txingak alde batetik bestera eramaten, eta lokotsak biltzen. Segidan, 14:00etan, herri bazkaria izango da. Bertan bazkaldu nahi duenak, aldez aurretik erosi behar ditu txartelak, eta antolatzaileek adierazi dutenez, dagoeneko salgai daude, 25 euroan, Kitto eta Aralarren. Bazka­riko menua izango da marmitakoa, txuleta eta Ada­rragako brazo gitanoa.

Bertsolariak, umeentzako jokoak eta erromeria arratsaldean
Aurten ere, festa arratsaldeko azken ordura arte luzatuko da San Inazio egunean. Bazka­lostean, goizean bezala, bertsosaioa izango da. Umeen­tzako ekitaldiak ere izango dira arratsaldean, haur joko ugari antolatu baitituzte; eta merienda garaian, 17:00etan, txokolatea hartzeko aukera ere izango dute. Azkenik festa eguna amaitzeko, erromeria izango da, 18:00etan hasita.

EGITARAUA
Goizean Diana txistulariekin.
11:00 Bertsolariak.
11:45 Indio eta Atarrabiyori omenaldia.
12:00 Meza.
13:00 Herri kirolak: aizkolariak, txingak eta lokotxak.
14:00 Herri bazkaria.
Bazkalostean Bertsolariak.
17:00 Umeentzako
txokolatada eta jokoak.
18:00 Erromeria trikitilariekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!