Bertako produktu eta eskulanak gaur, urtetik urtera indartzen doan Ferian

Kronika - Erredakzioa 2010ko uzt. 24a, 02:00

Aranoko jaien barruan, Feria izango da gaur, 12:00etan, bertako produktu eta eskulane­kin. Sagardoa, gazta, menbri­loa, tartak, ogia, paella, ba­surde gisatua, txisto­rra, pul­tse­ra eta koilareak, garai bateko jostailuak... izango di­ra, besteak beste. Kro­nika, parte hartuko duten hiru aranoarrekin bildu da.

Orain dela bost bat urte inguru egin zen lehenengo aldiz hain arrakastatsua bihurtu den Feria, Aranon. Sagardoa eta gazta egiten zituzten hiruzpalau baserri baziren eta horien produktuekin azoka bat egitea pentsatu zuten antolatzaileek. Horien artean izan ziren Ezkerran Bordako ansatarrak eta ordutik ez dute hutsik egin. Ana Mari Ansak Kro­nikari azaldu dionez, aurten, sagardo eta gaztaz gain, menbriloa ere eramango dute azokara. Eta be­raien produktuez gain, beste bi bordatako gaztak ere izango dira eta lau sagardo gehiago. Pixkanaka, urtetik urtera, jendea animatu eta denetarik eramaten hasi zela kontatzen du Ana Marik, eta egun, gauza mordoa izaten dela Fe­rian: postreak, basurde gisatua, txistorra, paella, urdaiazpikoa... «Tortilla lehiaketa ere egiten da eta oso giro ona izaten da. Jendea zain egoten da, ez da ezer sobra­tzen!», azaldu du.

Eskulangile trebeak Aranon
Ferian, mota guztietako jakiak izateaz gain, aranoarrek egindako eskulanak ere izango dira. Eta ez nolanahikoak! Aranon eskulangile trebeak daudela argi geratu da eta etorkizuna badutela ere bai. Ikusi besterik ez daude Jua­nikeneko Maider Galparsorok egindako pitxiak. Maiderrek 10 urte besterik ez ditu eta orain dela bi urte hasi zen azokan parte hartzen. «Lehenago ere egiten nituen pultserak-eta familiakoentzat, urtebetetzeetarako, eta jaietan feria egiten zela jakin nuenean, parte hartzea pentsatu nu­en», dio. Pitxiak egiteko zaletasuna familiatik datorkio Mai­derri, amak aurretik parte hartu izan du azokan sedazko zapiekin eta amona jostuna du. Orain arte pultserak eta koilareak jarri izan ditu eskuragarri borondatearen truke, baina gaurko azokarako mo­da-modako eraztun, bro­txe eta diademak ere egin ditu, amak zertxobait lagunduta. «Interneten aritu naiz begira eta amari lankide batek eraztunak nola egin erakutsi dio», azaldu du. Lana hartu duenik ezin ukatu eta prezioren bat jartzea pentsatu du aurten. «Oraindik ez dut erabaki, baina euro batean edo jarriko ditut», aurreratu du.

Garai bateko jokuak
Xauxarreko Jabier Legarretak berriz, lehenengo aldiz hartuko du parte azokan. Gaztetan bere aitak egindako jostailuak gogora ekarri eta egin egin ditu bertara­tzen diren umeei oparitzeko. Besteak beste, egurra, burdina eta irudimena landuz, dama jokoa, tiratxinasak, kriskitiñak, txapak, tratoria, pistola, elikopteroa, tirrinka... egin ditu, «gaur egungo umeek ikusi dezaten garai batean nola jostatzen genu­en», dio Jabierrek. Giroa ziurtatua dago be­raz, gaur eguerdian Ara­non. Gainera, Feriaz gain, tortilla patata lehiaketa izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!