madalena eguna ospatuko dute igandean Lizeaga auzoan, egun bateko jaia izango da, ekitaldiz betetakoa. Goizeko 09:30etan hasi eta ilundu bitartean izango dira ume eta helduentzako ekitaldiak: haur jolasak, hiru lehiaketa, paella jate herrikoia eta musika, besteak beste. Hamalau urteko hutsunearen ondoren, aurten hirugarren aldiz jarraian ospatuko dituzte geroz eta arrakasta haundiago duen festa.
Jolasak, lehiaketak eta poteoa bazkaldu aurretik
Festei hasiera emango dien txupinazoa goizeko 09:30etan botako dute, eta handik aurrera, paella jatearen aurretik, hainbat ekitaldi izango dira.
Haurrek aurreneko ordutik izango dute festez gozatzeko aukera, antolatzaileek prestatuko jolasak joizeko 10:00etan hasiko baitira.
Goizean zehar, baita ere, izango dira eguneko hiru lehiaketak: txistorra lehiaketa, patata tortila lehiaketa eta marrazki lehiaketa. Patata tortila lehiaketan parte hartu nahi dutenek, hasi baino ordu laurden lehenago aurkeztu beharko dituzte tortilak, hau da, 11:15etan eraman beharko dituzte. Ondoren, lehiaketak amaituta, auzokideek poteo popularra egingo dute, auzoko tabernetatik barrena.
Paella jatea, umeentzako jolasak eta dantzaldia
arratsaldean
Eguerdiko 14:00etan izango da auzotar gehien bilduko duen ekitaldia, paella jate arrakastatsua. Hori bai, jan ahal izateko, aldez aurretik erosi behar dira txartelak, eta gaur da azken eguna.
Segidan, bazkalostean, eta eguraldiak laguntzen badu, ur globo gerra antolatu dute umeentzako; eta ordu erdi beranduago, 16:30etan, puzgarriak izango dira.
Arratsaldeko 17:00etan egingo dute lehiaketetako sari banaketa, eta ordu berean baita ere hasiko da Diskofesta. Jai eguna, ofizialki, 20:00etan bukatu da, nahiz eta izango den festa giroan jarraituko duen auzotarrik.