Patti Smithen kontzertua gaur doan, Jazzaldia hasteko

Kronika - Erredakzioa 2010ko uzt. 21a, 02:00

Donostiako 45garren Hei­ne­ken Jazzaldia gaur hasiko da eta urtero bezala, bost egunez, inguruko eta urrutiagoko jazz zaletuen bilgune izateko asmoz dator. Horregatik, aurtengoan ere emanaldi aukera ez da ma­kala izango. 60tik gora artisten emanaldiez gozatzeko aukera izango da 12 gunetan.
Eta Jazzaldiari hasiera emateko, egitarauko kon­tzerturik erakargarrienetako bat izango da gaur; Patti Smith eta bere bandaren emanaldia, hain zuzen. Doan izango da eta Patti Smithen itzal eta ibilbidearen tamaina kontuan hartuta, 20.000-25.000 entzule bilduko direla aurreikusi dute antolatzaileek. Zurriola hondartzako Agertoki Berdean izango da 21:30etan.

Rock artista
eraginkorrenetakoa

Patti Smith abeslari eta olerkaria 1975ean egin zen ezagun, debuteko diskoa, Horses, argitaratu zuenean. Punk mugimenduari ikuspuntu feminista eta intelektuala ekarri zizkion. Horses-etik hasi eta kaleratu duen azken libururaino, Just Kids, Patti Smithek munduaren ikuskera propioa artikulatu du eta rockeko artista eraginkorrenetakoa izatera iritsi da. Smithen lanak oso ondo eutsi dio denboraren joanari eta zuzeneko kontzertuetan erakusten du sekula baino sasoikoago dagoela, banda sendo bat lagun duela.

Beste zortzi emanaldi

Patti Smithen kontzertuaz gain, beste zortzi emanaldi ere izango dira gaur; horietatik 6 doan. Esaterako, Agertoki Berdean baita ere, Japoniako Shibusa Shirazu Orchestra taldeak ikuskizunaren beste kontzeptu bat ekarriko du. Bertan, musika, dantza, performancea, marrazki bizidunak eta  butoh izeneko dan­tza mota nahastuko dituzte. 00:30etan izango da. Frigo Gunean berriz, Elew entzuteko aukera izango da. Rockjazz es­ti­loa deiturikoa jotzen du AEBe­tako artista honek.  Mari Boi­ne sami jatorriko abeslari norbegiarra ere bertan izango da.
Terje Rypdal/Miroslav Vi­tous/Gerald Cleaver hirukotearen musikaz gozatzeko aukera izango da Heineken Karpan. Eta beranduxeago, Supersilent, taldeaz. ´Ambient` elektronikoan oinarrituta, hiru musikariek barruan daramaten inprobisatzeko eta esperimentatzeko gaitasunari eragiten diote. Uda­letxean, berriz, Broken Bro­thers Brass Band izango da en­tzungai. 2007an sortu zen ban­da eta partaideak jazzeko goren mailako titulatuak dira Iruñako Pablo Sarasate Kon­tserbatorio­an. New Orleanseko estiloaren eta funkyaren artean mugitzen dira. Be Bop eta Altxerrin ere izango dira emanaldiak. DJ Javi Frías eta Willy Fernández Trío. Azken bi horiek ikusteko 10 euro ordaindu behar dira.

Aukera zabala, datozen
egunetan ere

Bihartik igandera bitarte jazz zaleek ez dute atsedenik izango eta gaur bezala, denetariko emanaldiak izango dituzte: Christian Scott, Ron Carter Golden Striker Trio, Arturo Sandoval Quintet, The Mor­ning Benders, Dave Holland & Pepe Habichuela, Stanley Clar­ke Band feat. Hiromi, Wadada Leo Smith’s Golden Quartet, Portico Quartet, Geor­ge Benson, The Claudia Quintet, Archie Shepp Quartet+Mina Agossi, Jessye Norman. Roots. In Tribute to the Greats!, Kris Kristofferson, Elvis Costello and The Sugarcanes eta DJak, besteak beste.
Informazio gehiagorako www.heineken­jazzaldia.com helbidean sartu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!