Dispertsioa salatzeko eta euskal preso politikoen eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko ekintza ezberdinak egingo dira Hernanin eta Euskal Herri mailan datozen egunetan, eta Hernaniko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ekintza horietan parte hartzeko deia luzatzen diete herritarrei.
Hernaniri dagokionez, ostiralero bezala, kontzentrazioak izango dira 20:00etan, Gaixo larriak eta kondena osoa betea duten presoak etxera lelopean. Ostiral honetan Zinkoenean izango da eta datorrenean, hilabeteko azken ostirala izaki, Gudarien plazan.
Errepideetan, Loiolako Santutegian eta
hondartzetan ekimenak
Urtero udan egin bezala, ekintza nazionalak antolatu ditu AAMk. Datorren larunbatean, uztailak 31, aldarrikapenak errepideetara aterako dira. Hitzordua Atsegindegin da 11:00etan. Bertatik kotxeetan abiatuko dira eta Resan utziko dituzte. Andoain-Billabona tarteko zatia banderolaz betetzea da asmoa.
Abuztuaren 1ean, berriz, Loiolako Santutegian izango da aldarrikapena. Deialdia 08:15etan da Atsegindegin, autobusean joateko. Apuntatzeko zerrenda Garinen dago.
Horrez gain, abuztuaren 8an, igandean, Euskal Herriko hondartzetan izango dira ekimenak. Deialdia Atsegindegin egin dute 11:00etan, denak batera kotxeetan joateko.
600 euroko isuna ordainduta
Hernaniko AAMk jakinarazi du, joan den urteko abuztuaren 24an, ostiraleroko kontzentrazioa burutzen ari zirela, 600 euroko isuna ezarri zietela «argazkiak debekatzeko eta elkartasuna bera zigortzeko Eusko Jaurlaritzaren kanpainaren barruan», eta orain, uztailaren 5ean, ordaindu dutela San Joanetan pasatako poltsan bildutako diruarekin. Hori horrela, herritarrei eskerrak eman nahi dizkiete «egindako aportazioagatik».