Eguneko esne freskoa eta bertakoa erosteko aukera izango da Hernanin, laster; izan ere, esne makina martxan izango da abuztua bukatzerako, Behemendiko (Landa Garapenerako Elkartea) Juan Cruz Alberdi kidearen arabera. «Azken ukituak bakarrik falta dira eta hilabete honetan martxan izango da». Esne makina Urbieta kalean dago, Kiroldegiaren aurrean. Alberdiren iritziz, «lekua ona da, herriaren erdigunean baitago».
Erosgai izango den esnea Landarbaso mendiko Basasoro baserriko Joxe Miguel Iñarra esne ekoizlearena izango da.
Bertakoa izatea eta ingurumena eta osasuna zaintzea helburu
Gipuzkoan bultzatutako proiektu hau, EHNE sindikatua (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna), Behemendi eta Lurgintzaren (Nekazaritza eta Abeltzaintzako Gestio Zentrua) arteko proiektua da. Eta aldi berean, Behemendi, eskualdeka, Udalen partaide da. Beraz, kasu honetan, Hernaniko Udalaren baimena behar izan du. Hori horrela, proiektu honetan guztiek hitzartu dituzten baldintzak izan dira: esne ekoizlea bertakoa edo eskualdekoa izatea, ingurumena kontuan izatea eta enbaseak berrerabiltzea (herriko Agenda 21a jarraituta) eta osasuna zaintzea (Europako proiektua jarraituta). «Esne ekoizlea ingurukoa izatea, batez ere, EHNE sindikatuaren baldintza izan da, baserritarrak bitartekaririk ez behar izateko. Horrez gain, ekoizle bakoitzak gehienez, bi makina jartzeko aukera izango du, dena ez dadin gutxi batzuen esku geratu».
Aukeraketari dagokionez, lehiaketa publiko bidez egin dela azaldu du Alberdik. «Hernaniko ekoizle bat bazegoen, baina azkenean ez da posible izan inbertsiorik egiteko aukerarik ez zuelako. Eskualdetik kanpoko ekoizle gehiago ere aurkeztu ziren, baina aipatutako baldintza kontuan hartuta, baztertu egin ziren. Landarbaso mendiko Basasoro baserrian ekoizten duen Joxe Miguel Iñarrak jarriko du azkenean». Landarbasok Hernani, Errenteria eta Donostiarekin muga egiten duela kontuan izanda hartu zuten erabakia.
Europako proiektuarekin bat, osasunaren alde
Behemendiko kidearen esanetan, osasunak bere garrantzia du proiektu honetan: «Osasuna atez ate bezala, janarira zuzendutako proiektua daramate Europan. Italian sortu zenetik zabaltzen ari da egitasmoa, osasuna zaintzeko helburuarekin eta bat egiten dugu horrekin. Ikerketak egin dira eta ikusi da minbiziaren kontra, prebentzio gisa, esnearen eguneko kontsumoa garrantzitsua dela, baina ez edozein esnerena».
Litro bat, euro batean
Kalitatezko esnea dela ziurtatzeko, bi baremo hartzen dituzte kontuan: koipea eta baktereologia. Horrez gain, esnea da egunekoa, freskoa, eta ahal den neurrian ekoizlearen generoarekin egina, hau da, behiek bertako belarra jaten dute. «Zaporean ere nabari da aldea. Zoragarria da postreak egiteko, eta guk yogurrak egitearena ere berreskuratu dugu», dio Alberdik. Esnea pasteurizatua dago, beraz, ez da egosi behar eta 5 eguneko iraupena du.
Horrez gain, nabarmendu du oso erosoa dela. «Makinan bertan badaude botilak salgai, 20 zentimotan, baina etxetik eramandako beste botila batek ere balio dezake, urarentzako erabiltzen den botila batek, esaterako. Esnea, berriz, euro batekin litroa daukazu eta litro erdia ere badago hartzea, 50 zentimotan».
«Topikoei kasurik ez»
Alberdik azaldutakoaren arabera, esnearen inguruko topikoei ez zaie kasurik egin behar: «esneak loditzen duela gezurra da. Litro batek arrautza batek adina gizentzen du, eta hori ez da ezer. Esneak koipea du, bai, baina koipe hori ona da. Benecol bezalako produktuak era horretako koipearekin egiten dira eta koipe horiek kolesterola eliminatzeko izaten dira».