HERNANIKO PSE-EE alderdiak Kronikara bidalitako prentsa oharraren bidez adierazi du, Helduren mozioaren inguruan, Ezker Batuaren helburua dela beraiek sortutako egoera mantentzea: «Javier Madrazo berak utzi zuen Heldu zerbitzua sistematik kanpo, aurreko legealdian egindako Gizarte Zerbitzuetako legean». PSE-EE alderdiak azaldu du, Heldu zerbitzua 2002an jarri zela martxan, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Abokatu Eskolak sinatutako hitzarmenaren bidez. PSE-EEk dio, 2007an, Javier Madrazo kontseilari ohiak Helduren zerbitzuak zabaltzeko asmoz, konpetentzia lehiaketara atera zuela, eta enpresa pribatu batek hartu zuela: «kontratua 2009an bukatu zen, eta 6 hilabetez luzatu zuten. Bitarte horretan Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailak egindako lana ebaluatu zuen, eta bukatutakoan, adierazi zuen nahikoa arrazoi zeudela Helduren eta enpresaren arteko erlazioa bukatzeko». Alderdiak adierazi du, Eusko Jaurlaritzaren planteamendua dela Helduren konpetentzia berreskuratzea, eta ez mozioan adierazten den bezala, zerbitzua desagertaraztea: «Gizarte Zerbitzuetako legearen ondorioz, ezinezkoa da Heldu Eusko Jaurlaritzaren estrukturaren barruan sartzea. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du lan merkatuaren ardura Lanbideri ematea, eta aholkularitza eta formazioa Biltzen organo multikulturalaren esku uztea. Horrez gain, erakundeenganako laguntza finantziero eta teknikoa indartuko luke».