EBk aurkeztutako mozioaren esanetan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak komunikabideen bitartez adierazi zuen Heldu zerbitzua bertan behera uzteko asmoa. Hala izan ez dadin, EB alderdiak, ixtearen aurkako mozioa aurkeztu zuen Plenoan, eta onartua izan zen Gobernu Taldearen, PNVren eta EBren botuekiekin. Hamaikabat eta PP abstenitu egin ziren, eta PSE-EEk aurka bozkatu zuen. Onartu den mozioan, Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio bertan behera uzteko Heldu zerbitzua ixteko erabakia. Eta baita ere, eskatzen zaio zerbitzua mantentzea Inmigrazioari buruzko III. Euskal Plana prest izan arte, eta bitartean, hausnarketa prozesua jartzea martxan.
Sortu zenetik 34.000
espediente tramitatu dira
Mozioan adierazten denez, Heldu zerbitzua 2002an sortu zen, etorkinei banan-banako arreta juridikoa emateko. Zerbitzuaren helburua da etorkinei lan merkaturako sarbidea erraztea, aholkua ematea eta Udal Gizarte Zerbitzuenganako mendekotasuna sahiestea: «Helduk bere gain hartzen du etorkinek baimenak lortzeko behar duten tramitazio guztia, eta horretarako elkarlanean aritu da agente guztiekin: gizarte-langileekin, enplegu emaileekin, eta abar.
Heldu oinarrizko tresna izan da inmigrazio politika orokorrean, eta horren adibide garbia dira ordutik tramitatu diren 34.000 espedienteak».
Mozioan azaltzen da Eusko Jaurlaritzak zerbitzua bertan behera utziko balu, gizartearen zati ahulenetako bat alde batera geratuko litzatekeela, eta inmigranteak aholkulari gabe geratuko liratekeela: «etorkinek beraiek kudeatu beharko dituzte sortzen zaizkien duda eta arazo guztiak, inoren aholkularitza zerbitzurik gabe. Honek guztiak Gizarte Zerbitzuenganako mendekotasuna haundituko du, lan integrazioa zailduko du, eta EAEko inmigrazio politika zatituko du».