Hernanin dira Saharatik uda pasatzera etorritako 7 umeak, eta Udalak ongi etorria egin die

Kronika - Erredakzioa 2010ko uzt. 19a, 02:00

hernaniko familietan dira dagoeneko Saharako errefuxiatu kanpamen­due­tatik udara pasatzera etorritako 7 umeak. Uda­lak martxan duen Opo­rrak Bakean egitasmoari esker, azken zaz­pi urtetan izan dira Sa­harako umeak Her­na­nin.

Bi hilabete pasako dituzte herrian
Errefuxiatu kanpamenduetako zazpi neska mutilak bi hilabete egongo dira Hernanin, joan den astean iritsi ziren, eta iraila erdira arte egongo dira. Aurten joan den urteko ume kopuru berdina etorri da, zazpi, nahiz eta batzuk berriak diren. Umeak etxean hartuko dituzten familiek eskatuta, lau joan den urteko ber­dinak dira. Beste hi­ruak berriz aurreneko al­diz etorri dira Hernanira, eta familia berriekin pasako dituzte oporrak.

Harrera udaletxean, eta joko eta irteera ugari udaran zehar
Hernaniko Udalak harrera egin zien iritsi berri ziren umeei hernaniarren izenean. Ostiral eguerdian izan zen, udaletxean, eta familiek lagunduta, gustora jaso zuten ongi etorria zazpi umeetako seik. Falta zena oporretara joana zen bertako familiarekin. Ostiraleko harrera ha­sie­ra besterik ez da izan umeek udaran zehar bizituko dutenarekin alderatuta. Umeak Hernanin zehar hainbat ekintza egingo di­tuzte bi hilabeteetan zehar, horietako asko urarekin zerikusi zuzena dutenak: igerileku irekietara joango dira, errekara eta baita hondartza ere. Horrez gain, paseoak, kirolak eta irteerak ere egingo dituzte.

Kanpamenduetatik urrun egotea da helburuetako bat
Oporrak Bakean egitasmoaren helburuak dira, besteak beste, umeei aukera ematea udara errefuxiatu kanpamenduetatik urrun pasatzeko, eta beharrezkoak dituzten osasun azterketak egin ahal izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!