espainiako Absolutuen Udako Txapelketa hasiko da gaur Bartzelonan, eta bertan dira Mañel Aizpurua (Bardulia), Olatz Altuna (Bidasoa) eta Maitane Danborena (Oarsoaldea) igerilari hernaniarrak. Hirurak, finalera pasa, eta posturen bat lortzeko asmoz joan dira. Ostegunera arte iraungo du txapelketak.
Aizpuruak eta Altunak 50, 100 eta 200 metro libreetan hartuko dute parte. Danborenak, berriz, 50, 100 eta 200 metro bizkar probetan. Azken txapelketa horrekin emango diote amaiera denboraldiari.
Itsaso Tolosa, espero bezala
Joan den asteburuan Itsaso Tolosa hernaniar gaztea lehiatu zen Espainiako Txapelketan, lehenengo aldiz, eta espero zen maila eman du Jon Ander Isuskiza Hernani KEko entrenatzaileak azaldu duenez. Tolosak junior mailan hartu du parte 100 metro bizkar proban eta 75garren geratu da 1:17.80 denborarekin.
Txapelketara pasatzeko 1:16.20 denbora egin zuen eta entrenatzailearen esanetan, normala da txapelketan zertxobait okerrago aritzea. «Kontuan izan behar da lehenengo aldiz hartu duela parte horrelako mailako txapelketa batean. Esperientzia bezala oso positiboa da beretzat», gaineratu du.