Egun sargoriotan, plan ezin hobea izan liteke, freskura bila Nere Borda parkera inguratzea, basoko itzalera. Gero eta gehiago dira ohitura hori hartua dutenak, eta goiz eta arratsalde, han ibiltzen dira haurrak, guraso edo aiton-amonekin joan direnak, eta baita egunkaria errepasatzera inguratzen diren herritarrak ere. 63 landare espeziek gradu batzuk kendu dizkiote udako bero itogarriari, eta landaretza exotikoak ikusmira poztuko dio, minutu batzuk zer-suma pasa nahi dituenari.
Bi lorategi elkarren ondoan:
errenazentista eta ingelesa
Nere Borda parke botanikoak 50 urte inguru izango ditu. Bere garaian Nere Borda etxearen lorategia zena, 2001ean eskuratu zuen Udalak, Montes larru fabrikarekin akordioa eginda. Txukundu eta gero, 2003ko azaroaren 24an inauguratu zuen. Bi zati nagusi ditu parkeak. Bat, estilo ingeleseko lorategia da, eta gau eta egun irekita egoten da. Zedro urdinak, Himalaiako zedroak, palmondoak, magnolioak, ezpelak eta abar ditu, eta zati hau bistan dago, Latsunbeko errotonda ondoan.
Bigarren zatia ezkutuagoan dago, eta Transpakar ondotik dauka sarrera, goizeko 07:00etatik gaueko 20:00ak ingurura arte irekia. Gauean itxi egiten dute. Bigarren zati hori da haundiena, eta estilo errenazentistako lorategia dauka barruan: diseinu geometrikoa du, erabat estrukturatua: izei gorriak, zedroak, erramuak eta abar ditu, eta baita Gipuzkoako Intsignis pinu haundiena ere: 25-30 metro luze ditu, eta 4,2 metro inguruko gerri-buelta.
Bigarren zati horretan, bada beste lorategi bat ere, klasikoagoa, arbustoz egindako hesi borobilak eta palmondoak dituena. Bazter batean, zati esperimentala dauka; bertan erakusketak egiten dira, eta ikastetxeetako haurrek loreak landatzen dituzte: udaberrian udarako loreak, udazkenean negukoak. Belar aromatikoak ere badaude: hierba luisa, labanda, tomilloa, erromeroa... eta baita inistor espezie ez hain arruntak ere. Putzu txiki bat bada bazter horretan, kala eta nenufareek urtero lekua jaten diotena. Bertan bizi dira, igelak, arrai gorriak, eta hiru bizilagun berri: hiru dortoka.
Putzuko bizilagun berriak
Ez dira herritarrak parkeari gustua hartzen ari diren bakarrak. Lorategiko putzuan hiru dortoka bizi dira, eta eguzkitara bakarrik ateratzen dira euren bizilekutik. Gezurra dirudien arren, bisitariari kostako zaio haiengana hurbiltzen. Lepoa luze-luze eginda egoten dira eguzki-galdatan, bi hankako arrotzei aukerarik eman gabe, badaezpada, ehiztari lanak egiteko.
Bere kaxa inguratu diren espezieak
Nere Borda parkeko landare espezieei buruz gehiago jakin nahi duenak, sarreran dauka taula bat informazio guztiarekin; eta horrez gain, espezie berezienek ondoan dute informazio fitxa bat. Hala ere, badira espezie batzuk inork ez dakienak noiz eta non aterako diren; beren kasa azaldu dira, eta urtero ateratzen dira parkean: perretxikoak. 8 barietate, behintzat, klasifikatu dituzte bertako lorazainek: suius granulatus, niscalo edo esnegorriak, txanpinoiak (pozointsuak), astaputzak, russula barietate jakin bat, amanita patherinak, eta baita ontoak ere; onto hankagorriak urtero ateratzen omen dira... ez ordea, oraindik, beste horiek; askok eta askok nahi lituzketen horiek.