Orain dela zazpi urte berreskuratu ziren Karmen Jaiak Kaxkoan eta ordutik girorik ez da falta izan Karmen Egunean. Atzo ere goizean goizetik gau partera arte izan zen saltsa Kardaberaz kalean eta Kale Nagusian.
Auzotarrak Dianarekin esnatu ondoren, haurrentzako jokoak izan ziren eta eguerdian puntu-puntuan iritsi zen Alkate Makila eskuz aldatzeko ordua. Mª Jesus Iturbidek Maitere Azurmendiri pasa zion Makila eta urtebeterako alkate kargua. Azurmendik azaldu zuen ohorea zela beretzat eta ziur zegoela egun ederra pasako zutela. Hori esanda, «Gora Hernani, gora Andrekalea eta gora Karmengo Amabirjina!», oihukatu zituen izendapena ikustera hurbildutako jende mordoaren aurrean. Mª Isabel Setien, Mokoko Maixabeli ere egin zioten omenaldia.
Arratsalde partean, herri bazkarian indarrak hartu eta karta saio ederra egin zuten Kardaberaz kalean. Haurrek, berriz, puzgarriak eta txokolatada izan zituzten. Jaiegunari amaiera sardinjatearekin eta Laket taldearen kontzertuarekin eman zitzaion.
Kaxko elkarteak badu
zuzendaritza berria
Orain arteko auzo elkarteko zuzendaritzari erreleboa emango dion taldea ere aurkeztu zuten. Besteak beste honakoek osatzen dute taldea: Oihana Apezetxea, Laida Lizarribar, Isabel Zubillaga, Jesus Arregi, Miguel Lujanbio, Itziar Marin, Pili Lujanbio, Luis Gorrotxategi, Esther Uizi, Bixi Marin, Francisco Tejedor eta Segundo Alejos. Horiez gain, laguntzeko prest diren gehiago ere badira.