Urtea pasa da eta Alkate Makilari iritsi zaio eskuz aldatzeko eguna. Maria Jesus Iturbidek Kardaberaz kaleko Maitere Azurmendiri pasako dio gaur Makila, eta horrekin batera, baita Alkatetza kargua ere. Hernaniko Kronika Azurmendirekin bildu da Alkate izendatze bezperatan, eta aitortu du pozarren hartuko duela kargu berria. Senarrari ere broman aritu omen zaio: «Alkatearen bikotea izango zara!», esanez.
Dena dela, harrituta utzi du izendapenak: «Koinata parean bizi da eta hark esan zidan: ´Aurten zu izango zara alkatea`. ´Pertsona egokiagorik ez al zegoen?`, erantzun nion».
Diskurtso motza
Maitere Azurmendi hernaniarra da jaiotzez eta betidanik bizi izan da Kardaberaz kaleko 22 zenbakian. Izendapena bertan izango da, lehenengo pisuan. Hernaniar petoa izaki, herriko ospakizun askotan hartu izan du eta hartzen du parte; besteak beste, San Joan Konpartsan eta Gabonetan. Hori horrela, jende aurrera ateratzeak ez dio lotsa berezirik ematen, baina hitz egiteak pixka bat bai aitortu duenez. Beraz, «diskurtsoa motza eta kontzentratua izango da», dio barrez.
Karmen eguna, urtero bezala, kaleko giroan ospatuko du gaur ere Alkate berriak. Goizeko mezara joan, herri bazkarira ere bai gonbidatu gisa alabarekin, eta ondoren, hain gustoko duen karta saioan hartuko du parte.