Paroak behera egin du berriz ere Hernanin. Langabetu kopurua jaitsi egin da azken hiruhilekoan, eta ekainean 1.063 langabetu zeuden, martxoan baino 77 gutxiago. Langabezia martxoan hasi zen jaisten Hernanin, eta ekaina bitartean, hilabetero egin du behera: apirilean martxoan baino 24 gutxiago izan ziren, eta maiatzean martxoan baino 52 gutxiago. Gipuzkoan ere joera berdina izan da, eta ekainean martxoan baino 3.865 langabetu gutxiago zeuden.
Zerbitzuetako sektorean daude langabetu gehien
Azken hiru hilabeteetan zerbitzuetako sektorea da langabetu gehien dituena, nahiz eta hilabetero jaitsi den. Ekainean 649 langabetu zeuden, maiatzean 662, eta apirilean 689. Adin tartea kontuan izanda, hiru hilabeteetan lanik gabe zegoen jende kopuru haundiena 25-44 urte bitartekoa zen, bai gizonezkoetan, eta baita emakumezkoetan ere.
Segidan, alde nabarmenarekin, langabetu gehien dituen sektorea industria da: ekainean 243 langabetu zeuden, martxoan baino 10 gutxiago, eta joan den urteko ekainean baino 41 gehiago. Industrian ere, langabeziak behera egin du azken hiruhileko hilabete bakoitzean: maiatzean 247 pertsona zeuden lanik gabe, eta apirilean 253.
Gainontzeko sektoreei dagokienez, oro har, langabeziak gora beherak izan ditu. Nekazaritzan, apiriletik maiatzera igo egin zen langabetu kopurua, eta maiatzetik ekainera jaitsi: ekainean 10 langabetu zeuden, maiatzean 11 eta apirilean 8. Eraikuntzan berriz, apiriletik maiatzera jaitsi egin zen, eta maiatzetik ekainera igo: ekainean 124 pertsona zeuden paroan, maiatzean 120, eta apirilean 126.
Emakume langabetu
gehiago hiru hilabeteetan
Sexua kontuan izanda, emakume lagangabetu gehiago daude azken hiru hilabeteetan. Ekainean 542 ziren lanik gabe zeuden emakumeak, maiatzean 546, eta apirilean 570. Gizonezkoen kasuan berriz, ekainean 521 langabetu zeuden, maiatzean 532 eta apirilean 546.
Martxoan baino
169 kontratu gehiago
egin ziren ekainean
Ekaina ez da hain txarra izan hernaniarrentzat lan kontratu berriei dagokienez. Langabeziak behera egin bezala, lan kontratuek gora egin zuten ekainean. Martxoan 389 lan kontratu egin ziren, eta ekainean 558. Hortaz, 169 gehiago egin ziren. Joan den urteko ekaineko datuekin alderatuz gero, lan kontratu berriek ere gora egin dute aurten. 2009ko ekainean 444 lan kontratu egin ziren, aurten baino 114 gutxiago.
Azken hiru hilebeteetako datuak aztertuz gero berriz, aldaketak izan dira hilabete batetik bestera. Martxotik apirilera kontratazioak jaitsi egin ziren, 389tik 369ra. Apiriletik aurrera berriz, kontratu berriek nabarmen egin zuten gora: maiatzean 433 izan ziren, eta ekainean 125 gehiago, 558.
Sektoreei dagokienez, udara bazetorrela kontuan izanda, kontratu gehien zerbitzuetan egin ziren: ekainean 379 berri izan ziren, maiatzean 318 eta apirilean 259. Aldiz, azken hiruhilekoan, nekazaritzan, ez zen kontratu berririk egin.
Gipuzkoan ere behera,
martxoan baino 3.865
langabetu gutxiago
Gipuzkoarrentzat ere hobera egin du egoerak azken hiruhilekoan, lanbeziari dagokionez. Martxotik ekainera nabarmen egin du paroak behera: martxoan 41.679 langabetu zeuden, eta ekainean 37.814; hortaz, 3.865 gutxiago. Apirilari eta maiatzari dagokionez ere, behera egin du langabeziak bietan: apirilean 40.366 langabetu zeuden, eta maiatzean 38.940. Kasu honetan ere, zerbitzuetako sektorea da langabetu gehien dituena, ekainean 23.314 hain zuzen.
2009 eta 2010eko konparaketa Hernanin
2010 URTEA
EKAINA 1.063
MAIATZA 1.078
APIRILA 1.116
MARTXOA 1.140
OTSAILA 1.144
URTARRILA 1.138
2009 URTEA
EKAINA 925
MAIATZA 961
APIRILA 969
MARTXOA 966
OTSAILA 923
URTARRILA 896