HERNANIKO Udalak harrera egin zion atzo Guatemalako Fe y Alegria fundaziori. Guatemalatik abiatu, eta igandean iritsi ziren Donostiara Edvin Sagastume eta Wilberto Rojas ordezkariak, eta atzo eguerdian heldu ziren udaletxera, 3 adina 3 mundurako fundazioko Mertxe Alzugurenek lagunduta. Usoa Barrutiabengoa eta Irantzu Jauregik egin zien harrera. Hernani eta Guatemalaren arteko harremana 2000garren urtean hasi zen, eta ordutik ona jaso dute Udalaren eta Karmelo Labaka institutuaren laguntza. Harreran, Sagastumek eta Rojasek azaldu zuten, laguntza horri esker, zein den Fe y Alegria fundazioa Guatemalan egiten ari den lana.
6 tornu, 88 ordenagailu
eta liburuak bidali zituzten
joan den urtean
Hernaniko Udalak eta Karmelo Labaka institutuak elkarlanean bidali zituzten joan den urtean Guatemalara 6 tornu, 88 ordenagailu eta liburuak. Fe y Alegria fundazioak Guatemalan, hiri kanpoaldean dituen eskoletan jarri du material guztia; tornuekin esaterako, telematika gelak jarri ditu, ordenagailuekin informatika gelak, eta liburuekin liburutegi txikiak jarri dituzte eskoletan.
Eskolak Goberbua iristen ez den guneetan daude eraikita, asfaltoa bukatzen den guneetan, hala adierazi dio Kronikari Edvin Sagastume ordezkariak: «Guatemalako Gobernuarekin zonalde azpigaratuetara iristeko estrategia batzuk dauzkagu adostuta. Fe y Alegria fundazioa ez balitz iritsi zonalde hautera, gaur egun umeak nekazaritzara dedikatuko lirateke, euren familiei laguntzera, eta ez lirateke eskolara joango».
Gaur egun 13.000 umetik gora joaten dira eskolara
Guatemalako Gobernuak eta Fe y Alegria fundazioak elkarlanean duten estrategiari esker, hirietako periferietan, gaur egun 13.000 umetik gora joaten dira egunero eskolara, 0 eta 18 urte bitartekoak. Horietatik %48a neskak dira, eta %52a mutilak. Eskoletako batek gainera INTECAP ziurtagiria du, jasotzen duten heziketa kalitateari esker.
Edvin Sagastumek azaldutakoaren arabera, umeak hezitzeaz gain, eskolen helburua da gaur egun duten bizitza zirkulutik ateratzea: «umeak txiki-txikitatik zirkulu batean sartzen dira, ez dute ikasten, gurasoekin egiten dute lana, eta 12 urte ingururekin ezkondu, eta umeak izaten hasten dira. Gure helburua da umeak hezitzea, eskoletan ofizioak erakustea, eta bizimodu berri bat erakustea. Heziketarekin, besteak beste, gazteek euren enpresa txikiak sortzeko jakinduria jasotzen dute, eta noski, horrek ekonomian ere eragina du. Azkenean, guztiak du erlazioa».
`Fe y Alegria´ fundazioa 19 herrialdeetan
Fe y alegria fundazioa Hezkuntza mugimendu internazionala da, baztertutako eta azpigaratutako herrialdeetan hezkuntza integrala eta eragin soziala bultzatzen duena. Helburua da, kristautasun baloreak, partehartzea eta elkartasuna oinarri hartuta, gizartea aldatzea. Fundazioak 34 eskola edo hezkuntza zentru ditu banatuta Guatemala osoan: Petenen 3, Quichen 1, Huehuetenangon 2, Totonicapanen 10, San Marcosen 1, Chiquimulan 15 eta Guatemala hiriburuan 13.
19 zentro, gehienak Latinoamerikan
Horiez gain, Latinoamerikako beste hamasei herrialdeetan ere badituzten hezkuntza zentroak, hain zuzen, ondorengo hirietan: El Salvador, Honduras, Nicaragua, Panama, Venezuela, Colombia, Ecuador, Peru, Brasil, Bolivia, Paraguay, Chile, Argentina, Uruguay, Haiti eta Dominikar Errepublikan. Eta Espainian eta Afrikako Chad herrian ere baditu.
Fe y Alegria fundazioari esker, egun 1.360.000 ume joaten dira, egunero, eskolara.