Lau egunez festa giroa nagusi izan ondoren, atzo bukatu ziren San Fermin Jaiak Martindegi auzoan. Eta festak behar bezala agurtzeko, egitarau zabala antolatu zuten atzo ere.
Auzotarrak Dianarekin esnatu ziren eta bermuta hartu ondoren, Euskal Festari eman zioten hasiera. Larra eta Paolla Iñaki Azurmendiren aurka lehiatu ziren aizkoran eta saltsa ederra sortu zen, Plaza jendez lepo zela. Azurmendi nagusitu zen minutu baten aldearekin, 21 minutu behar izan zituen. Eginbeharreko lana honakoa zuten: kanaerdiko bederatzina enbor alde bakoitzak. Hasiera hasieratik jarri zen aurretik Azurmendi eta bi hernaniarrek ezin izan zioten aurrea hartu.
Harrijasotzen Telleria hiru anaiak aritu ziren eta horiek ere ikusmin haundia sortu zuten. Pisu ezberdineko harriekin saio bana egin zuten eta ondoren, hiruren artean, 100kg-ko harria 50 aldiz zenbat denboran altxa aritu ziren. 4 minutu eta 6 segundo behar izan zituzten. Ondoren, Sustrai Colina eta Sebastian Lizaso bertsolariek ikusitakoaren kronika ederra egin zuten bertsotan.
Aia eta Zarautzera txapelak
Arratsaldean, besteak beste, XIVgarren Trikitilari Gaztetxoen Txapelketa izan zen eta Aiako Ander Beldarrain eta Zarauzko Eneritz Aulestiak jantzi zituzten txapelak. Festa giroa iluntzera arte luzatu zen Bidebatez taldearekin.