HERNANITIK mugitu ere egin gabe, San Ferminak festa giroan pasatzeko aukera ederra izango dute asteburuan Martindegira hurbiltzen direnek. Festetako bi egun haundiak izango dira gaurkoa eta biharkoa, egitaraua ez baita nolanahikoa.
Ume jolasak, abere dema, eta dantzaldia gaur
Goizean goizetik musikak alaituko ditu Martindegiko kaleak, kalejira eta trikitixarekin. Eguerdian, egun guztirako indarrak hartuko dituzte, auzo bazkariaren bueltan, eta arratsaldean gazte zein helduentzat izango dira ekitaldiak.
Gaztetxoenentzat gaztelu puzgarriak jarriko dituzte, eta zezen eta zaldi txikiak ere izango dira. Helduentzat berriz, afalostean, dema izango da Zerainen eta Etxetxoren abereen artean. Eta egunaren bukaeran, gauerdian, Laiotz taldeak jarriko ditu bertan bildutakoak dantzan.
Euskal festak
eta bertsolariak bihar
Biharko egitaraua ere ez da makala. Dianak esnatuko ditu auzotarrak goizean, eta eguna bermuta hartzen hasiko dute, Euskal Festaren aurretik. Eguerdian aizkora apustua izango da: Larra eta Paolla arituko dira, Azurmendiren aurka. Telleria anaiak izango dira segidan harria jasotzen. Bertsolariak ere ez dira faltako, Sebastian Lizaso eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan, bi saiotan. Eta herritarrek parte hartzeko aukera ere izango dute, Toka txapelketan, eta Txinga frogan. Festei agur hasi bezela esango diote, musikarekin, kasu honetan, kalejirarekin.