hernaniko lau igerilari izango dira uztailaren azken bi asteetan, Espainiako Txapelketetan. Hiru ezagunak dira, Mañel Aizpurua, Olatz Altuna eta Maitane Damborena. Laugarrena ez hain ezaguna, oraindik: Itxaso Tolosa. Lehenengo hirurek senior mailan konpetituko dute, Bartzelonan, uztailaren 21, 22 eta 23an. Tolosak infantiletan neurtuko ditu indarrak, Palma de Mallorcan, uztailaren 17an.
Minima, 100 bizkar estiloan
Espainiako Txapelketara pasa ahal izateko, denbora jakin bat egin behar izaten da, denboraldian zehar. Tolosak, 100 bizkar estiloan lortu zuen denbora minima hori, Anoetako Paco Yoldi kiroldegiko igerileku haundian: 1:16:20 denbora egin zuen. Palma de Mallorcan igeri egingo du, uztailaren 17an, eta horrekin bukatu, aurtengo denboraldia.
Domina bila, hiru nagusiak
Aizpurua, Altuna eta Damborena, finalera pasa, eta posturen bat lortzeko asmoz dijoaz Bartzelonara, uztailaren 21etik 23ra. Aizpurua 50, 100 eta 200 metro libreetan aterako da; Altuna, 50 eta 100 libreetan; eta Damborena, 50, 100 eta 200 bizkar karreretan.
Ikusiko da, ze gorputzalditan iristen diren, denboraldiko azken proba haundira. Aizpuruak urrea eta brontzea lortu zituen joan den asteburuan Euskadikoan, eta Damborenak hiru urre. Bartzelonan joko dute azken esprina.