Mendiriz Mendi
1916 urtean, Electra del Viesgo enpresa, Caín eta Camareña herrien artean ur-kanal bat egiten hasi zen Poncebos herrian egitekoa zen zentral hidroelektrikoa urez hornitzeko. Ur-kanal horrek ia 10 km ditu eta horietatik sei harkaitzean zulatutako tuneletatik doaz. Bost urte beranduago Ponceboseko zentral hidroelektrikoa elektrizitatea ekoizten hasi zen. Urte gutxitan harri-jauziak eta ibaiko lokatzak zirela eta, kanalaren ur-emaria gutxitzen hasi zen. Arazoari irtenbidea aurkitzeko eta ur-kanalaren garbiketa eta mantenu-lanak errazteko Viesgo enpresak kanalaren alboan joango zen bide bat eraikitzea erabaki zuen. Bidea 1944 eta 1950 bitartean eraiki zen eta gaur egun turistentzat eta mendizaleentzat oso ezaguna bihurtu da.
Lehen, neguan elurte handiak zirenean, Caín eta Poncebos herrien arteko komunikazio aukera bakarra zen gaur egungo Ruta del Cares.
Picos de Europako ibilbide ezagunena
Ruta del Cares Picos de Europako ekialdeko eta erdialdeko mazizoak zeharkatzen dituen arroila ikusgarria da. Hain da polita Picos de Europako ibilbide ezagunena bihurtu dela. Ibilbideak 13 km inguru ditu. Nahiz eta aldapatxo motz batzuk izan, orokorrean nahiko laua da eta paisaiaz gozatzeko lasai-lasai egiteko ibilbidea da. Ibiliko garen bidetik gora 2.000 metro baino gehiagoko gailurrak izango ditugu eta ibaia, aldiz, hainbat unetan, 800 metrotik behera.
Bidea nahiko zabala eta erosoa da. Amaieran tunel batzuk badira, baina orokorrean bidea irekia da. Ibaia bi alditan zeharkatzen da. Lehen aldiz Los Rebecos zubitik eta bigarrena Bolín zubitik. Ibilbidearen edertasuna, paisaiaz gain, ibaiak sortzen duen amildegi sakonean dago. Nahiz eta bidea erosoa eta arriskurik gabekoa izan, ez da ahaztu behar amildegia hor dagoela eta bere arriskuak dituela. Bide ertzera hurbiltzerakoan adi ibili.
Ibilbidearen deskribapena
Ibilbidea Cares ibaiaren ezker aldean dagoen aldapa motz baina gogor batekin hasten da. Igoera Los Collaosen amaitzen da. Puntu honetan bideak apur bat behera egiten du harkaitzean eginiko bidea aurkitu arte. Hortik aurrera bidea ia laua da. Bost kilometro egin ondoren Culiembro baserrira iristen da. Bertan, Ostón portura igotzen den bidea hasten da.
Bideari jarraitu eta ibaiko uretatik urruntzen, altuera hartzen, hasten garela ohartuko gara. Berehala gara Bolín zubian. Bertan, ibaia zeharkatzerakoan arroilak duen altueraz ohartuko gara. Apur bat aurrerago ibaia berriz gurutzatuko dugu. Inguru hauetan Asturias probintzia utzi eta Leoneko lur eremuetan sartzen gara.
Ibilbidearen azken zatian, arroila estutzen den lekuan, leiho modura zuloak dituzten tunelak zeharkatuko ditugu. Ibilbidearen amaiera gertu dagoela adierazten digute. Berehala Caíneko urtegira iritsiko gara. Hemen bailara ireki egiten da. Caín herrixka gertu dago.
Udaran, eguraldia ona bada, eguerdian batez ere, eguzkitik ongi babestu behar da eta ur nahiko eraman. Arroila batean gaudenez freskatuko gaituen haize gutxi izaten da.
Bestalde, ordu horietan eguzkiak zuzen jotzen du eta itzal gutxi izaten da bidean. Horrez gain, inguru hauetako harkaitza kareharri gris-argia denez, eguzkiko argia islatzen du eta gehiago berotzen du giroa. Ibilbide osoan, amildegiaren hondoan, ibaia ikusiko dugu baina ez dago behera jaitsi eta freskatzeko aukerarik. Beraz, arropa freskoa, txapela eta ur nahikoa eramatea da irtenbide bakarra.
Datu interesgarriak:
Distantzia:
26 km (joan eta etorri).
Denbora:
6-7 ordu (joan eta etorri).
Desnibela:
Gorantz 400 m inguru.
Zailtasuna:
Erraza, zailtasun berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala:
Mendiko material arrunta.
Egunak:
Uztailaren 24a eta 25a.
Irteera lekua:
Atsegindegi.
Irteera ordua:
Larunbata 24, goizeko 07:00etan.
Prezioa:
Bazkideak 65 euro.
Bazkide ez direnak
75 euro.
Prezioan barne dago bidaia, afaria, gosaria eta
lo egitea.
Oharrak:
Aterpean lo egiteko zakua edo maindirea eraman behar da.
Berri zehatzagoak
jasotzeko: Elkartetik pasa (Iturregi plaza z/g), astelehen, ostegun eta ostiraletan, arratsaldeko 20:00etatik 21:00etara.