Telleria abizen ezaguna da harrijasotzaileen artean, eta oraindik zer esana emango duena, gazteek heldu diotelako aurrekoen afizioari. Urtzi, Iraitz eta Beñat harriaren munduan hazi dira, Lasarten, Zelai Eder etxean. Aita, Luis Mari, Telleria Ia, harrijasotzaile haundia izandakoa da, eta entrenatzailerik onena, hiru gazteontzat. Osaba ere harri jartzaile ezaguna izaki, asko dira Zelai Ederrera entrenatzera etortzen direnak. Aimar Irigoien, horien artean ezagunena. Kirol hori barruan daramakite Urtzik, Iraitzek eta Beñatek, eta dagoeneko izena hartzen hasiak dira, harri txikietan. Datorren igandean erakustaldia emango dute Martindegin, txanda librean, 100 kg-ko zilindro zaharrarekin. Horrez gain, bakoitzak bere proba txikia ere egingo du. Harria jartzen, aita ariko zaie.
«Harri txikietan, maila haundia dago gaur egun»
Harri txikietan moldatzen dira hiru anaiok ondoen. Urtzik oso marka onak dauzka eginak, baina 24 urte izaki, azken urteetako harrijasotzaile gogorrenak tokatu zaizkio, zuzeneko kontrario. Adunako Gorostidi Harria torneoa irabazia du, eta hori ez da nolanahiko marka: 150 kg-ko zilindro zaharrarekin 13 jasoaldi egin, 5 minutuan, eta 185 kg-ko piezari, Gorostidi Harriari, jasoaldi bat. Berrobiko eta Laukarizko torneoak ere irabaziak ditu, eta Igeldo Harriari 9 jasoaldi emandakoa da; 5garren postua lortu zuen, Ostolazaren aurretik.
Iraitzek iaz hazaina ederra egin zuen, Euskal Herriko Kintopeko txapelketa irabazi baitzuen, 21 urtez azpikoa. Igeldo Harria 17 urterekin jasoa dauka, 175 kg-ko errektangularra, berak 80 kg zituela.
Beñatek 14 urte ditu, eta ezer aurreratzeko garaiz bada ere, txapeldunaren dohai guztiak ditu. 12 urterekin 100 kg-koa jaso zuen, berak 71 kg zituela. Beste bi bakarrik dira hori lortu dutenak: Aimar Irigoien, 12 urterekin egin zuen; eta Urdax, 11 urterekin lortu berri duena.
Konpetentzia haundia daukate harri txikietan, harrijasotzaile asko, eta maila haundia baitago, euren esanetan.
Harriarekin,
astean bi entrenamendu
Marka horiek egiteko, ordea, entrenatu beharra dago. Astean bi entrenamendu egiten dituzte harriarekin, asteazken eta larunbatean. Igandean, mendi buelta edo bizikleta egiten dituzte. Indarra egiteko, gimnasioa dela ona diote, eta batez ere neguan aritzen omen dira han. Bi egunetan menu berezia izaten dute: harriarekin entrenatzen duten egunetan, pasta eta arraia. Gainerako egunetan, amonak erabakitzen omen du beraien dieta.
Luis Mari Telleria famatua,
entrenatzen eta harrijasotzen
Nekez bilatuko dute aita bezalako entrenatzailerik hiru gazteok. Momentu honetan purienean dagoen harrijasotzailea, Aimar Irigoien errezildarra, Zelai Ederren entrenatzen da, eta Maria Jose Sardon ere bai. Maisua, Luis Mari Telleria dute, Telleria Ia, 70 kg-rekin harri haundien txapelketan lan polita egindakoa; pisu dobleko kubikoarekin markarik onena daukana (141 kg-koari 41 altxaldi, 5 minutuko hiru tandatan, eta berak 66 kg zituela). Igeldo Harria irabazitakoa da (11 aldiz kendu zion lurra). Agian, horregatik da proba hau «Champions-a», telleriatarrentzat.
Telleria II: Urtzi Telleria. 24 urte. Adunako Gorostidi Harria torneoa irabazia du. Igeldo Harrian 5garren Ostolazaren aurretik, 9 jasoaldi emanda. Harri klase gehienetara moldatzen da, txapeldun bat izatera
iritsi nahi du.
Telleria III: Iraitz Telleria. 21 urte. Euskal Herriko Kintopeko txapelketa irabazi zuen iaz (21 urtez azpikoa). 3na minutuan, 100 kg zilindroari 29 jasoaldi, eta 100 kg kubikoari 14. Igeldo Harriari
7 jasoaldi emana da. Kolpekako harriak ditu gustoko. Zail ikusten du berriz txapela ateratzea, eta lan onak egiten segi nahi du.
Telleria IV: Beñat Telleria. 14 urte. 12 urterekin jaso zuen 100 kg-ko harria, 71 kg zituela. Bi bakarrik dira hori lortu dutenak (Aimar Irigoienek urte berdinekin eta Urdaxek 11 urterekin). Bola du gustokoena, 63 kg-koa 30 aldiz segidan jasoa du. Txapeldun bat izan nahi luke, eta izan liteke, bai baititu dohaiak.