On egin! Gaurtik igandera, San Ferminak Martindegin!

Kronika - Erredakzioa 2010ko uzt. 7a, 02:00

Martindegik zapi gorria jantziko du bihar, eta ez du kenduko igandera arte. San Fermin jaiak dituzte, bihar hasita, haur, gazte, eta helduentzat denbora pasa bikaina. Asteburua dute beteena, eta aurten ere ez dira faltako abere-dema, herrikirolak, eta apustu berezi-berezia, aizkoran: Larrak eta Paollak Azurmendiri. Bertsolari, sagardo probaketa, dantzaldiak, umeentzako jolasak... aspertzeko aukera gutxi!

Urteroko moduan datoz San Ferminak Martindegira: zapi gorria jantzita! Eguraldi bikaina, eta giro ederragoa espero dira lau eguneko festarako, eta prest dira auzotarrak, gozatu, eta inguratzen direnei gozarazteko. Bihar San Fermin eguna, ospatuko dute, haurrak protagonista direla. Ostegunean deskan­tsu hartuko dute, eta ostiral arratsaldetik, etenik gabeko hiru egun izango dituzte, igandera arte.

Aizkoran eta harri jasotzen, programa berezi-berezia
Abere-demak eta herri kirolek ikusmin berezia izaten dute urtero. Aurten ere egitarau oso polita jarri dute antola­tzaileek, eta ez da konturik faltako aurretik eta ondorenean. Aizkoran, La­rrak eta Paollak jokatuko diote Azurmendi aizkolari haundiari. Azurmendi lehenengo mailan dabilen aizkolari famatuak, nahiko lan izango du, azken hilabeteetan ondo entrenatuta dauden Larra eta Paollaren kontra. Harrijasotzen, berriz, Te­lle­ria hiru anaiak ariko dira: Urtzi, Iraitz eta Beñat. Harri txikietan maila oso polita ematen ari diren hiru gazteek zenbateraino diren erakutsiko dute, maisu haundi bat harri jartzen dutela: Luis Mari Telleria, Telleria Ia, hiru gazteon aita, hain zuzen ere. Abere demak izango dira larunbat gaueko ikuskizun nagusi. Aurrez-aurre, Her­na­niko Zerainen eta Zumaiako Etxetxoren abereak. Horrez gain, igande arra­tsaldean izango dira, Toka Txa­pelketa Nagusia, eta Txin­ga Proba famatua.

Haurrentzako festa, lau egunetan
Ez dira atzera geratuko haurrak ere, eta festarako aukera izango dute, lau egunetan. Bihar ekintza pila bat dituzte, euren dohairik onenak agertzeko: goizean haur jolasak, eta buruhaundiak, arratsaldean marrazki lehiaketa eta zinta lasterketa, karabina txapelketa, antzerkia: Hiru, bi, zast... egizu jolas! Ostiralean, Altxorraren bila; eta larunbatean, gaztelu puzgarriak eta zezen eta zaldi txikiak, ekintza nabarmentzekoenak, auzoko txikientzat.

Bertsoa eta musika, festa jartzaile nagusi
Hiru dantzaldi prest dira ostiral, larunbat eta iganderako: Trakets, Laiotz, eta Bidebatez taldeekin. Horrez gain, badira kalejirak lehen eta azken orduetan; bertsolariak igandean egun guztian, eta trikitilari gaztetxoak, igande eguerdian. Urteroko Platano Dan­tza fa­matua ez da faltako aurten ere; larunbatean izango da.

Bazkari, afari, probaketa...
Festak ez lirake festa, sabelak beteko ez balira. Auzo afaria bihar izango da, eta auzo bazkaria larunbatean (txartelak salgai daude Oialume tabernan). Sagardo probaketa, berriz, ostiralean.

EGITARAUA

Uztailak 7 Asteazkena
09:30 Diana.   
10:30 Auzoko hildakoen alde meza (ondoren hamaiketakoa, Oialume tabernaren eskutik).   
11:30 Haur jolasak eta buruhaundiak.   
16:00 Marrazki lehiaketa.
17:00 Zinta lasterketa.    
18:00 XLI. Karabina Tiro Lehiaketa.   
19:30 Hiru, bi, zast... egizu jolas! (Haurrentzako antzerkia).   
21:00 Auzo afaria. (Txartelak aldez aurretik Oialume tabernan salgai).
Ondoren: Erromeria, Izer eta Alabier.
GERO, GEROKOAK!!!


Uztailak 9 Ostirala
16:30 Kalejira auzoan zehar.   
17:00 Haur jolasak.   
17:30 Altxorraren bila.   
19:30 Patata tortila lehiaketa. (Sansonategi jatetxeak babestua).
20:30 Sagardo probaketa mundiala: Zelaia, Oialume-Zar, Oiarbide, Sarasola, Mendizabal, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petritegi,
Larre-Gain, Iretza.
23:30 Dantzaldia Trakets taldearekin. Atsedenaldian gau jolasak.

Uztailak 10 Larunbata
07:00 Egunari hasiera emateko auzoan zehar kalejira izango da.   
08:00 Lo kuluxka.   
11:00 Auzoko baserrietan zehar Mobida trikitixaz alaiturik.   
13:00 Jaietan ohitura den bezela goiko Aristian oroigarri xume bat ´gure artean ez daudenentzat`.
14:30 Auzo bazkaria. (Txartelak aurretik Oialume tabernan salgai).
16:00 Gaztelu puzgarria.
18:00 Zezentxoak eta zalditxoak.
23:00 IX. Abere dema. (Iretza Sagardotegiak babestua). Hernaniko Zerainen eta Zumaiako Etxetxoren abereen artean.
24:00 Dantzaldia Laiotz taldearekin. Atsedenaldian irrintzi lehiaketa
famatua.
Goizaldera: Platano dantza lehiaketa xelebrea.

Uztailak 11 Igandea
10:30 Diana.   
11:00 Bermuta.   
12:00 Euskal Festa. AIZKOLARIAK: Larra eta Imanol Fagollaga, Azurmendiren aurka. HARRIJASO­TZAILEAK: Telleria hiru anaiak.   
13:00 Bertsolarien saio berezia. Sebastian Lizaso eta Sustrai Colina.
17:00 XIVgo TRIKITILARI
GAZTE­TXOEN TXAPELKETA.
18:00-19:00 Toka Txapelketa nagusia. (Gurutzeta Sukaldeek Antolaturik).
19:00 Bertsolarien bigarren saioa. Sebastian Lizaso eta Sustrai Colina.
19:30 Txinga froga famatua.
20:00 Dantzaldia Bidebatez
taldearekin.
23:00: Festei amaiera emateko kalejira auzoan zehar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!