«Jaiak giro onean joan dira, urteak ekarritako nekea eta tristura gainetik kentzeko modukoak»

Kronika - Erredakzioa 2010ko uzt. 5a, 02:00

astebete eskas pasa da San Joan jaiak bukatu zirela, eta balorazioa egiterako orduan, Udalak jaiak, orokorrean, giro onean joan direla azpimarratu du. Hala adierazi dute Marian Beitiala­rrangoita Alkateak, eta Idu­rre Lukas Kultura Dele­g­atuak, Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Udalak gi­ro ona azpimarratu du oharrean, nahiz eta adierazi, festetan, dena ona ez dela izan.

«Beste urteekiko ezberdintasun nagusia barrakak izan dira»
Aurtengo jai egunetan, gustu eta adin ezberdinetarako, denetatik izan dela adierazi du Udalak, nahiz eta beste urteekin alderatuz, desberdintasun nagusi bat izan den, barrakak: «San Joanak hasterako esan genuen moduan, ez da Udalaren desioa izan barrakarik ez izatea, baina ezin genuen onartu edozein preziotan jartzea, eta gure herritarrei hain nabarmen lapurreta egitea. Eta horregatik erabaki zuten ferianteek ez etortzea, Kara­belen kokatzearen truke prezioak %66 igotzea onartu ez genielako, muga %25ean jarri genielako». Barraken inguruan, Gobernu Taldea salatzeko izan diren kritikak ere izan ditu Udalak kontuan: «Tamalgarria iruditzen zaigu, herritarren interesak ahaztuta, Gobernu Taldea kritikatzeko gauzak ez diren bezala esatea. PSE alderdia da gezurretan ari den bakarra, baieztatu baitu barrakak jartzeagatik kobratzen zaiena igotzeagatik ez direla jarri ferianteak. Ez dakigu ezjakintasuna edo fede txarra den 20 urte Udalean daraman zinegotzi batek ez jakitea, ferianteek 2003tik ez dutela ezer ordain­tzen. Udalak erabaki zuen diru hori kobratu baino, nahiago zuela barrakak merkeago izatea».

«Barrakena baino gertakari larriagoa izan da festetan»
San Joanetako aurreneko egunean izandako gertakari larria ere gogoan izan du Udalak oharrean «Jaien lehen egunean gertakari larria izan zen, gazte batek beste bat erasotu zuen eta 100 puntu eman behar izan zizkioten. Egun batzuk erie­txean pasata, etxean da, baina zauri larriekin. Zorionez lehen gaueko gertakari honen ondoko gauak lasaiagoak izan dira».

Atez atekoaren aurreneko San Joanak ere izan dira
Udalak Atez Atekoa ere kontuan izan du festetako balorazioan, eta hernaniarren jarrera zoriondu nahi du prentsa oharraren bidez: «Saiatu gara festak eta bertakoen beharrak asetzeko ahaleginak egiten, erdigunean bizi direnei beste ordutegi batzuetan jasoz hondakinak. Orokorrean ondo joan da, proba gainditu dugu, nahiz eta datorren urterako gauzak hobetu beharra ere ikusi. Baina garrantzitsuena da jendeak egokitzeko borondatea jarri duela, eta horrek asko lagundu du». Festen balorazia amaitu aurretik, Udalak gogoan izan ditu festa egunak hain ondo pasa ez dituztenak: «seguru gaude denontzat ez direla hain egun beteak izan, baina espero dugu tamaina batean edo bestean jaietaz gozatu izana». Azkenik, festak amaituta, eta opor garaia eta ondoren urteko martxa arrunta datorrela kontuan izanda, Udalak espero du herritarrek pilak kargatu izana, garain garaikoari aurre egiteko, «guk ere kargatu ditugu pilak agintaldiari geratzen zaion urtebeteari indarrez ekiteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!