Aurtengoz bukatu dira San Joan jaiak. Musika Eskolako kideek bandera jaistearekin batera, datorren urtera arte agurtu zituzten herriko jaiak atzo hernaniarrek. Eta azken eguna izaki, ez zen ekitaldirik eta girorik falta izan egun osoan zehar. Goizean goizetik, Diana eta Sokamuturraren ostean, Axeri Dantzan, adin tarte guztietako jende mordoa bildu zen. Eta hortik aurrera, ez zen atsedenik izan.
Ohitura den bezala, Sanjoanak agurtzeko Baserritarren Eguna izan zen atzo Elur Txori elkarteak antolatuta. Hasteko, idi-dema erakustaldia izan zen Plazan. Inaxio Telleriaren idi parea eta Iñaki Intxaurbururena leihatu ziren 1.500 kiloko harriarekin. Intxaurburu hernaniarra nagusitu zitzaion lasartearrari 41 plaza eta 4 metro eginda. Telleriak 35 plaza eta erdi egin zituen.
Ondoren, jendea Tilosetan bildu zen, bertan, Urrezko Aizkorako Txapelketako kanporaketa jokatu baitzen. Anjel Arrospide nagusitu zitzaion Joxe Mª Olasagastiri 16’07ko denbora eginda. Igeldoarrak 17’27 behar izan zuen.
Konpartsa eta pelota
Arratsaldean ikusmin haundia sortu zuen San Joan Konpartsaren emanaldiak. Oialumeko Bilera ekarri zuten gogora. Pelota jaialdira ere ez zuten hutsik egin pelotazaleek. Partidu estelarrean Berasaluze VIII-Apraizek irabazi zieten 22-17 Bengoetxea VI-Mendizabal IIri. Lehenengo partiduan, berriz, Olaetxea-Urrizelki/Lemuno-Argote lehiatu ziren eta 14-22 izan zen emaitza.