Euskal gehiengo sindikalak, hau da, ela-lab-esk-stee/eilas-ehne-hiru sindikatuek alde batetik, eta bere aldetik, ccoo sindikatuak, Greba Orokorrerako dei egin dute bihar. Langileen eskubideak jokoan daudela eta horiek defendatzeko egin dute grebarako deia. Murrizketak eta lan erreformak direla eta, arrazoiak ez direla falta azaldu dute eta erantzun sendoa emateko deia luzatu dute.
Mobilizazioak Donostian eta Hernanin
Euskal gehiengo sindikalak honako mobilizazioak deitu ditu: 11:15etan 3 zutabe aterako dira Donostiako Bulebarrera, Sagues, Antigua eta Anoetako estadiotik, 12:00etan manifestazio erraldoia egiteko asmoa baita. Hernaniarrei Anoetara egin zaie deia. Arratsaldean, berriz, 18:00etan eskualdeko manifestazioa egingo da Gudarien plazatik.
CCOO sindikatuak, berriz, Donostiako Artzai Onean egin du hitzordua 12:00etan.
Gaur gauean ez da ontzi arinik bilduko
Marian Beitialarrangoitia alkateak jakinarazi duenez, udal langileek, bihar egingo duten grebaren ondorioz, Hernaniko Udalak ez du hondakinen bilketa zerbitzurik emango. Hondakinen bilketa ordutegia gauekoa denez eta greba bihar 00:00etan hasten denez, Hernaniko bizilagun guztiei eskatzen diete gaur ontzi arinik ez ateratzeko. Gaur, beraz, ezin da hondakinik atera kalera. Bihar, papera eta kartoia normaltasunez atera ahal izango dira, ohiko ordutegian (20:00etatik 23:00etara).
Astigarragako Udalak ere, greba
Astigarragako Udaletik jakinarazi dute, Udaleko langileen batzarrak gehiengo osoz erabaki duela ekainaren 29rako ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS, HIRU eta EHNE langileen sindikatuek deitutako greba deialdiarekin bat egitea.