Azken belaunaldiaren dantza

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 25a, 02:00

Zazpi hamarkadetako gazteek dan­tzatu izan dute Oialumen, soinuari ateratako musikarekin lehenengo; tronpeta edo saxofoiaren doinuarekin, gitarra edo bateriaren hotsarekin eta diskofestaren danbatekoekin geroago. Belaunaldi bakoitzak eskatzen zuenaren eta garaiaren arabera, gustuak eta ohiturak aldatuz joan ziren dantzalekuan, baina ez da sekula dantzarako eta festarako gazte faltarik izan Oialumen. Bilera baten aitzakian sortutako dantzaldi eta kontzertuek ia 70 urte egin dituzte. 1940eko hamarkadan egindako apustu baten ondorioz ospatu zen lehen bilera Oialumen, eta hortik aurrera, makina bat dantza egin dute Hernaniko eta Gipuzkoako hainbat herrietako gazteek.


Bilera baten aitzakian
Euskaldunok apusturako joera dugula beste topiko ezagun bat da. Baina hau agian ez da okerra, horrela sortu baitzen Oialumeko lehen bilera. Urtea zehazki jakin ezin badugu ere, 1942tik 1944ko bitarte horretan izan zela diote bizitutakoek. San Jose egun batez, martxoaren 19an beraz, Orkolaga baserriko Felix Aranburuk eta Juanantone-ko Joxe Erdozia Patasek pultsu bat bota zioten elkarri. Halterofilian erabiltzen diren barra pisutsuen antzeko bat altxa behar zuten. Oialumen elkartu ziren apusturako, eta garaiko bertako jabe Javier Barrenetxeak, Markos Zubeldia Sarasola Beltza soinujole hernaniarra eraman zuen eguna girotzeko. Gerturatutakoek ederki pasa zuten, eta lehen bilera hori igandero errepikatzeko eskatu zioten Barrenetxeari. Horrela, igandero Oialume baserriko terraza azpian Gipuzkoa osoko makina bat gazte hasi zen biltzen arratsaldeko bostetatik bederatzietara irauten zuen dantzaldiaz gozatzeko.


Terrazazpitik dantzalekura
Urteak pasa ahala, hainbat aldaketa izan ziren Oialumen. Garaiak eta giroak aldatu egiten dira, eta gazteen gustuak eta ohiturak ere bai. Horrela, hasiera batean dantzaldiak iluntzean bukatzen baziren ere, geroxeago, zazpiak inguruan hasi eta hamaikak jo arte luzatu ziren. Musikak ere izan zituen makina bat aldaketa. Hasieran, soinujoleak aritzen ziren baltsak, pasodobleak, tangoak, boleroak, fox-trotak, twistak eta fandango eta arin-arinak jotzen. Baina geroago, garaiko modari jarraituz, jendea beste gauza batzuk eska­tzen hasi zen. Horrela 1980eko hamarkadan etorri ziren aldaketa haundienak. Batetik, jendea musika taldeak eskatzen hasi zen. Soinujolearekin batera bateria joleak hasi ziren. Horiei ordaintzeko errifak saltzen zituzten Oialumeko tabernan bertan, oilasko pare baten zozketaren trukean. Baina rock musikak gero eta oihartzun haundiagoa zuen, eta gazteek bestelako taldeak eskatzen zituzten. Horrela ba, terraza azpian telazko itxitura bat jarri eta sarrerak kobratzen hasi ziren, nahi ziren talde horiek ordaintzeko dirua lortzeko. Batek baino gehiagok modu berezian oroituko du Egan taldea lehen aldiz bertan aritu zenekoa. 1990ean berriz, dantzaleku berria eraiki zen, baina oraingoan, mugaren bestaldean, Astigarragari dagokion aldean, alegia. Mitiko bihurtu diren makina bat euskal musika taldek eman zituzten bertan kontzertuak. 2002 eta 2003 urte inguruetan publikoaren eskaera aldatu zen berriro. Oraingoan gazteek diskoteketako musika eskatzen zuten, eta horrela, urtean zazpi diskofesta eskaintzen hasi ziren, jaiegun eta zubietan.


Laugarren belaunaldia
2009ko urtarrilaren 4an ireki zen dantzalekua azken aldiz. Asti­ga­rragako Udalak diskotekek bete behar dituzten lege-aruak betetzeko eskatu zuen, baina Barrenetxeatarrek diote ezin dutela diskoteka baten moduan funtzionatu. Familia bereko hiru belaunaldik gozatu ahal izan dute orain arte Oialumeko dantzaldiez. Laugarren batek izango ote du ezagutzeko aukerarik? Barrenetxeatarrek eutsi egin nahi diote orain arteko ibilbideari, eta Astigarragako Udalarekin akordio batera iritsi nahi lukete. Baina oraingoz, San Joan Konpartsak ´berreraikitako` dantzalekuarekin konformatu beharko dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!