«Entsaiatzen aritu naiz lehenago ere, baina oso urduri nago! Bigarren esaldia esaten dut hirugarrenaren tokian, eta alderantziz!», dio batek, antzerkian betetzen duen paperarekin kezkatuta. «Ederki egingo duzu! Momentuan ondo aterako da, ikusiko duzu!», animatzen du besteak. Ondoan berriz, jantziekin arduratuta dabiltza beste batzuk. «Bai bai, zapata horiek garaikoak dirudite baina... erosoak al dira dantzarako?». Baina ez dago arazorik, aukera zabala dago eta. «Nahiago badituzu, beste hauek ere ekarri ditut, baina lehenak politagoak dira soinekoarekin janzteko». 21 urte pasa dira jada, San Joan Konpartsa lanean hasi zenetik. Amateurrak dira partehartzaile guztiak, eta agian horrexegatik, profesionalik onenek baino hobeto zaintzen dute detailerik txikiena ere. Euskal dantzak herritarrei ezagutzera eman, jendea ikastera animatu eta herriko giroa alaitzea dute helburu. Horrez gain ordea, Hernaniko historiako pasarteak gogora ekarri eta ezagutarazteko lanean ari dira. Festetan ez ezik, beste momentu batzuetan ere antolatu dituzte hainbat emanaldi, baina dudarik gabe, San Joan jaietako azken egunean, ekainaren 27an, kaxkoan zehar ateratzen duten karroza da ezagunena.
Urteak beste gai
San Joan Konpartsak lanean eman dituen 21 urte hauetan, gai desberdinak landu ditu. Hernaniko sagardotegiak ekarri zituen gogora lehen emanaldian, baina orduz geroztik, bati baino gehiagori oroitzapen ederrak ekarri dizkion hainbat gai jorratu ditu: Santa Barbarako ermita, Leokako labaderoa, tranbia, Biteri Eskolak, Villa San Antonio (Paradorea)...
Baina ikuskizun batzuk kuttunenen artean daude. Konpartsako kide Pepi Arrozpidek xarma bereziarekin gogoratzen ditu Santa Barbarako ermitarena edota Hernaniko tranbiaren ingurukoa. Tranbia gelditu zeneko 50garren urteurrena ospatu zenean adibidez, herri guztiak hartu zuen parte. «Batek baino gehiagok benetakoa zirudiela esaten zigun. Denboran atzera egin genuela zirudien!».
Egindako lanak herritarren artean duen harrera ona ikusita, San Joan Konpartsako kideek aurrera jarraitzeko gogo haundia dute. «Karroza atera baino lehenago jendea inguratu egiten zaigu, jorratzen dugun gaiaren inguruko liburuxkaren bila».
Gainera, herritarren partehartzea gero eta haundiagoa da. Aurtengoan, dantzariak bakarrik 44 izango dira. Horregatik, lanean jarraitzeko asmoa dute, nahiz eta kezka nagusi bat izan: gero eta gai gutxiago gelditzen direla, alegia!
Esker onez
Zuzenean taldeko kide ez diren laguntzaile asko ere izaten dira urtero lanean, eta San Joan Konpartsak ez du ahazten hauek egindako ahaleginaren garrantzia.
Gaia aukeratu bezain laster, historia ezagutu behar izaten dute. Horretarako, ahal diren datu guztiak aurkitu, kontrastatu eta txukuntzen dutenen laguntza izaten dute, Antton Agirresorondo, Jesus Maria Gomez Txuso edota Urko Apaolaza historialariena kasu.
Horrez gain, karroza eraiki eta margotzen, Luis Telleria, Peio Goello, Boni Agirresarobe eta beste hainbeste izaten dituzte lagun. Antzezlana prestatzeko berriz, Miren Gojenola edota Mikel Laskurain aritzen dira lanean.
Azkenik, gogora ekarriko den historia zati horretako protagonisten laguntza ere garrantzizkoa izaten da. Izan ere, hauexek izaten baitira historia osatu eta goxatzeko argazki eta istorioen jabeak. Aurtengoan, Oialumeko Barrenetxeatarrak. yy
Zazpi hamarkadetako gazteek dantzatu izan dute Oialumen, soinuari ateratako musikarekin lehenengo; tronpeta edo saxofoiaren doinuarekin, gitarra edo bateriaren hotsarekin eta diskofestaren danbatekoekin geroago.
Belaunaldi bakoitzak eskatzen zuenaren eta garaiaren arabera, gustuak eta ohiturak aldatuz joan ziren dantzalekuan, baina ez da sekula dantzarako eta festarako gazte faltarik izan Oialumen.
Bilera baten aitzakian sortutako dantzaldi eta kontzertuek ia 70 urte egin dituzte. 1940eko hamarkadan egindako apustu baten ondorioz ospatu zen lehen bilera Oialumen, eta hortik aurrera, makina bat dantza egin dute Hernaniko eta Gipuzkoako hainbat herrietako gazteek.
Bilera baten aitzakian
Euskaldunok apusturako joera dugula beste topiko ezagun bat da. Baina hau agian ez da okerra, horrela sortu baitzen Oialumeko lehen bilera. Urtea zehazki jakin ezin badugu ere, 1942tik 1944ko bitarte horretan izan zela diote bizitutakoek.
San Jose egun batez, martxoaren 19an beraz, Orkolaga baserriko Felix Aranburuk eta Juanantone-ko Joxe Erdozia Patasek pultsu bat bota zioten elkarri. Halterofilian erabiltzen diren barra pisutsuen antzeko bat altxa behar zuten. Oialumen elkartu ziren apusturako, eta garaiko bertako jabe Javier Barrenetxeak, Markos Zubeldia Sarasola Beltza soinujole hernaniarra eraman zuen eguna girotzeko. Gerturatutakoek ederki pasa zuten, eta lehen bilera hori igandero errepikatzeko eskatu zioten Barrenetxeari.
Horrela, igandero Oialume baserriko terraza azpian Gipuzkoa osoko makina bat gazte hasi zen biltzen arratsaldeko bostetatik bederatzietara irauten zuen dantzaldiaz gozatzeko.
Terrazazpitik dantzalekura
Urteak pasa ahala, hainbat aldaketa izan ziren Oialumen. Garaiak eta giroak aldatu egiten dira, eta gazteen gustuak eta ohiturak ere bai. Horrela, hasiera batean dantzaldiak iluntzean bukatzen baziren ere, geroxeago, zazpiak inguruan hasi eta hamaikak jo arte luzatu ziren.
Musikak ere izan zituen makina bat aldaketa. Hasieran, soinujoleak aritzen ziren baltsak, pasodobleak, tangoak, boleroak, fox-trotak, twistak eta fandango eta arin-arinak jotzen. Baina geroago, garaiko modari jarraituz, jendea beste gauza batzuk eskatzen hasi zen. Horrela 1980eko hamarkadan etorri ziren aldaketa haundienak.
Batetik, jendea musika taldeak eskatzen hasi zen. Soinujolearekin batera bateria joleak hasi ziren. Horiei ordaintzeko errifak saltzen zituzten Oialumeko tabernan bertan, oilasko pare baten zozketaren trukean. Baina rock musikak gero eta oihartzun haundiagoa zuen, eta gazteek bestelako taldeak eskatzen zituzten. Horrela ba, terraza azpian telazko itxitura bat jarri eta sarrerak kobratzen hasi ziren, nahi ziren talde horiek ordaintzeko dirua lortzeko. Batek baino gehiagok modu berezian oroituko du Egan taldea lehen aldiz bertan aritu zenekoa.
1990ean berriz, dantzaleku berria eraiki zen, baina oraingoan, mugaren bestaldean, Astigarragari dagokion aldean, alegia. Mitiko bihurtu diren makina bat euskal musika taldek eman zituzten bertan kontzertuak.
2002 eta 2003 urte inguruetan publikoaren eskaera aldatu zen berriro. Oraingoan gazteek diskoteketako musika eskatzen zuten, eta horrela, urtean zazpi diskofesta eskaintzen hasi ziren, jaiegun eta zubietan.
Laugarren belaunaldia
2009ko urtarrilaren 4an ireki zen dantzalekua azken aldiz. Astigarragako Udalak diskotekek bete behar dituzten lege-aruak betetzeko eskatu zuen, baina Barrenetxeatarrek diote ezin dutela diskoteka baten moduan funtzionatu.
Familia bereko hiru belaunaldik gozatu ahal izan dute orain arte Oialumeko dantzaldiez. Laugarren batek izango ote du ezagutzeko aukerarik? Barrenetxeatarrek eutsi egin nahi diote orain arteko ibilbideari, eta Astigarragako Udalarekin akordio batera iritsi nahi lukete. Baina oraingoz, San Joan Konpartsak ´berreraikitako` dantzalekuarekin konformatu beharko dugu.