Txosnak ere prest daude San Joan jaietan parranda ordu txikietaraino luzatu nahi dutenentzat. Lehengo urtean, 11 txosna jarri ziren San Joanetan, eta aurten bi gutxiago izango dira jarriko diren txosnak. Tilosetan 8 jarriko dira eta Plaza Berrin 1, guztira 9 txosna. Txosnen ordutegiari dagokionez, aurten goizeko 07:00ak arte egongo dira irekita, San Joanetako azken gauean izan ezik. Ekainaren 27ko gauean goizeko 05:00etan itxiko dira txosnak.
Aurten ere, baso berrerabilgarriak
Azken urteetan bezala, berrerabili daitezkeen basoak emango dituzte txosnagunean euro 1en truke. Txosnetara itzuliz gero, dirua ez da bueltatuko, baina nahi duenak etxera eraman dezake basoa. Txosna Batzordetik gomendioa luzatu dute baso hauek erabili daitezen.
Baso berrerabilgarriek mezu bat eramaten dute beti, eta aurten, Jai herrikoiak bultzatuz leloa izango dute. Azken urteetan naturaren kontra egindako txikizioak salatu dira basoetan, edota euskararen erabilpena sustatu eta jai parekideen aldeko leloak erabili dira.
Molotoff irratiaren Txosnan, mota guztietako musika,
egunez egun
Molotoff irratikoek egitarau oparoa prestatu dute beraien txosna girotzeko asmoz. Mota guztietako musika eta erritmoak dantzatu ahal izango dira hemen.
Ekainaren 23an, Txosna Batzordeak antolatuta, Reggae Sound Systema izango da Molotoff irratiaren txosnan. Lehenengo, reggae eta hip hop doinuak jarriko ditu txosnan Mikel Sound Selektah irratiko kide gazteak. Horren ondoren, Selektah Steppi eta mc lagunak jarriko dituzte jamaikar erritmo dantzagarriak. Gauari amaiera emateko, Daddy Jeff Selektah Kolektibo-ko abeslari, ekoizle eta disko jartzailea aterako da taula gainera.
Ekainaren 24an Punk Gaua antolatu dute eta Manel-ek eta DJ Iñigito-k jarriko dute musika.
Ekainaren 25ean berriz ere doinu jamaikarrak nagusituko dira, eta Vido Jelashe hegoafrikarraren eta Revolutionary Brothers donostiarren emanaldiak izango dira Molotoff irratiaren txosnan.
Ekainaren 26ko gauari, Binilozko Xiringak izenburua jarri diote. Taula gainean, Blue Eye, DJ Prest, Mr. Snoiz eta Rikikuzu eta Momotombo izango dira gaua girotuko dutenak.
Ekainaren 27an, azkenik, DZ lasartearraren Rap,/Funk eta DJ TALOren Etno-Tekno doinuekin itxiko dute Molotoff irratiaren txosna datorren urterarte.
Gaur gauean, Molotoff irratiko emanaldia gaueko 22:00etan hasiko da, baina gainontzeko egunetan gaueko 23:00etan hasiko dira. Molotoff irratiaren eszenatokian egingo diren ekintzez gain, Txosna Batzordeak Triki-Bertso-poteoa antolatu du Ekainaren 24ean. Txosna gunean izango da arratsaldeko 19:00tatik aurrera.
Kontzertu eta dantzaldiak, adin eta gustu guztientzako
Kontzertu eta dantzaldi ugari antolatu dira San Joan jaietan. Gaur, gaueko 22:00etan gau elektronikoa hasiko da Milagrosa kaperaren aurrean, Rak at ak, Nko, Alivio eta Paket Flat kolektiboaren eskutik. 23:00etan Laiotzekin dantzaldia izango da Tilosetan.
Ekainaren 24an, Lisker taldearekin dantzaldi karroza izango da Atsegindegi plazan. Ordu berean, baina Tilosetan, Meat-Heav, Dirty Eyes eta Black Night taldeek rock kontzertua eskainiko dute.
Deboson seikote kubatarraren emanaldia ikusgai izango da ekainaren 26an arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Plazan. 22:00etan, gau elektronikoa Dxpe, Nike Villas, Txutxi eta Paket Flat kolektiboa DJ-en eskutik, Tilosetan. Abiba diskojaia izango da giroa jartzeko arduraduna, Atsegindegin, 23:00etatik aurrera.
Ekainaren 26ean, Fermin Valencia abeslariak emanaldia eskainiko du Plaza Berrin gaueko 20:00etan. Tilosetan, Idolos del extrradio, Post Mortem eta Plan B rock taldeak arituko dira gaueko 23:00etatik aurrera.