Ekainaren 29a, datorren asteartea, greba eguna deitu du euskal gehiengo sindikalak, hau da, ELA-LAB-ESKE-STEE/EILAS-EHNE-HIRU sindikatuek, alde batetik eta bere aldetik, CCOO sindikatuak, langileen eskubideen alde. Buruntzaldeko LAB eta ELAko ordezkariek atzo prentsaurrean gogorarazi zuten iazko maiatzaren 21eko greba orokorrean aurreratutakoa bete egin dela, alegia, «politikak aldatu ezean, gainean izango genituela murrizketak eta erreformak». «Orain lan erreformarekin datozkigu, krisia sortu duten arrazoiak konpondu gabe, horietan sakontzen duen lan erreformarekin. Eta edukiak are eta okerragoak izan daitezkeela ohartarazi nahi dugu». Hori horrela greba egun honen garrantzia azpimarratu zuten: «Garrantzitsua da erantzun ona ematea, aurrera begira etorri daitezkeen planetan eragiteko. Etorkizuneko inbertsio bezala ikusi behar dugu».
Mobilizazioak goiz eta
arratsalde
Astearterako honako mobilizazioak deitu dituzte: 11:15etan 3 zutabe aterako dira Donostiako Bulebarrera, Sagues, Antiguo eta Anoetako estadiotik, 12:00etan manifestazio erraldoia egiteko asmoa baita. Hernaniarrei Anoetara egin zaie deia. Arratsaldean, berriz, 18:00etan eskualdeko manifestazioa egingo da Plazatik.
CCOO: «Gure eskubideak jokoan»
CCOO sindikatuak bere aldetik egin du greba deialdia ekainaren 29rako. Langileen eskubideak jokoan daudela azaldu du eta arrazoirik ez zaiela falta grebarako. Zortzi arrazoi nagusi eman dituzte: CEOEk soka puskatu arte luzatu du; Espainiako Gobernuak dekretazoa ezarri du; malgutasuna, azken hitza enpresarioak duenean ematen da; defizit publikoaren ajustea murrizketarekin egin da; pentsioetan eskua sartu dute eta datozen hilabeteetan gehiagotan sartuko dute; funtzionarioen soldatak murriztu dituzte; akordioak betetzeko dira eta Gobernuak puskatu egin ditu; eta puskatzen ari den akordiorik garrantzitsuena Ongizatearen Estatuarena da.
Greba egunean, Donostiako Artzai Onean egin dute hitzordua 12:00etan.