Alkatearen jaietako agurra:

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 23a, 02:00

Marian Betialarrangoitia Al­ka­teak hernaniar guztiei San Joan jaiak zoriondu dizkie Hernaniko Kronikara bidalatiko gutunean:
«Urte guztia zain 5 eguneko ospakizunerako, eta festak azkar pasatzen dira, baina urtea ere konturatu orduko joan da eta hemen gaude berriro ere San Joanetarako pronto. Herritar bakoitzak bere erara antolatzen du jaia, elkarri traba egin gabe aritzea izaten da kontua, askotan denon gustukoa ez bada ere. Denontzako tokia egin eta gustagarria den hura egitarauan aurkitzea da Jai Batzordeak eta Udalak festetarako egiten duten esfortzuaren helburu nagusia, jakitun horrek hainbat lagun lanean jartzea esan nahi duela, gainontzekook ospakizunean murgil gaitezen, eta gainera ez gaudela unerik onenean. Baina jakitun naiz modu berean, azken urteak egun euri­tsu eta goibel asko utzi dizkigula gure egunerokoan, eta tarteka eguzkia ere behar dugula, festa eta algara alegia, oreka bilatu eta aurrera egiteko indarberritzeko. Hori badute behintzat San Joan jaiek, alaitasunaren aldea indartzen laguntzen baitute, eta bost egunetan arazoak albora uzteko lagungarri dira. Egoeraren gordintasunak alde txarrari gehiago begiratzera eramaten bagaitu ere askotan, ziur naiz barrura begiratu eta ospakizunerako tartea eta modua aurkituko duzuela, baita krisiak gehien kolpatzen zaituztenok edo, arrazoi ezberdinak tarteko, etxean hutsune handiegiak sumatzen dituzuenok ere. Ingurukoen adiskidetasunak ez ditu hutsuneak estaltzen, baina hauen zama arintzen lagundu bai, eta goxoki batek inor ez omen duenez ozpintzen, egoera horretan direnei ere disfrutatzeko gonbitea egin nahi nieke. Festak ere guztiok ditugulako beharrezkoak, nik neuk ere bai, kalean bat egin eta elkarrekin zuetako askoren inguruan gozatzeko modua izatea espero dut, eta zuek denok ere urteko nekeak eta buruhausteak albora utzi eta ospakizunean murgil­tzen zaretela ikusi nahi nuke. Goza dezagula bada elkarrekin, kontsumoan, zaratan eta bestelakoetan tamaina hartuz, eta bat egin dezagun aldarri honekin: GORA SAN JOAN JAIAK! GORA HERNANI!»
Marian Beitialarrangoitia, Alkatea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!