Ekainaren 10ean, 75 urte bete ziren Alkoholiko Anonimoak sortu zenetik. Ameriketako Estatu Batuetako Akron hirian (Ohio) sortu zen. Ordutik milaka dira sortu diren taldeak munduan zehar. Euskal Herrian 50-60 hamarkada inguruan jarri ziren martxan. Hernanin ere bada talde bat, Santa Barbara izenekoa, eta ia 42 urte daramazki alkoholarekin arazoak dituztenei laguntza eskainiz. Hain justu, 1968ko urriaren 15ean sortu zen.
Edateari uzteko terapiak lehenagotik ere egiten ziren Hernanin. Herrian oso ezaguna zen pertsona batek talde bat sortzea erabaki zuen eta etxe partikular batean biltzen ziren. Pertsona gehiago batzen joan zitzaizkien heinean, Gudarien plazan lokal bat lortu zuten, Luises izeneko lokalen barruan. Bertan biltzen hasi zirenean sortu zen Alkoholiko Anonimoen Santa Barbara Taldea. Hortik, gaur egun Musika Eskola den eraikinera pasa ziren eta bertatik, egungo lokalera: Sandiusterrira.
Anonimatua errespetatzea sakratua
Gaur egun, Santa Barbara taldean, 10-20 lagun artean biltzen dira, astelehen eta ostiraletan 20:00etatik aurrera. Ignaciok Kronikari azaldutakoaren arabera, boladak izaten dira eta orain baju xamar dabiltza. Hernaniko eta kanpoko jendea biltzen dira, eta asko omen dira herritik Donostiara joaten direnak ere, «lotsagatik». Baina hori argi utzi du behin eta berriz Ignaciok, anonimatua errespetatzea sakratua dela taldean, alegia. Eta erabateko askatasuna dagoela joateko edo ez joateko, eta joanez gero, nahi dena esateko edo ezer ez esateko. «Ateak beti zabalik daude eta ez dago buruzagirik. Inor ez da inor beste bati kargua hartzeko», dio Ignaciok.
Mahaiaren bueltan eseri eta hasteko aurkeztu egiten dira eta edan duten ala ez eta nola sentitzen diren kontatzen dute. Gezurra esaterik badagoela dio Ignaciok, baina egia esatea oso lagungarria dela nabarmendu du. «Aurreko egunean edan baduzu, esatea da onena, ez da ezer pasatzen. Hemen biltzen garenok laguntzen eta animatzen saiatuko gara». Ondoren, normalean, alkoholismoari buruz irakurri egiten dutela azaldu du eta irakurritakoaren inguruan hitz egin.
12 pausuen eta 12 tradizioen programa ere lantzen dute. Eta 24 orduko plana. Ez dute epe luzeko helbururik. Gertatzen dena gertatzen dela, gaur ez edan da lema.
Ignacioren iritziz, terapia horiek oso lagungarriak dira, baina konstantea izan behar da. «Jende gazte asko etortzen da, baina bost egunetan erremedioa nahi dute eta hori ez da horrela. Denbora behar da. Alkohol tanta bat bera ere probatu gabe egon, eta hilabete gutxian aldea nabaritzen da. Eta orduan konturatzen zara: Zergatik nago hain ondo? Edaten ez dudalako».
«Alkoholismoa gaixotasuna da»
Alkoholiko Anonimoak taldeak argi dio alkoholismoa ez dela bizio bat, gaixotasuna baizik: sendaezina, progresiboa eta hilgarria, baina gelditu daitekeena. Eta horretarako beharrezkoa da erabateko prestutasuna eta benetako gogoa. Eta Ignacioren hitzetan, sufritu izatea eta hondoa jotzea beharrezkoak dira. «Gauza asko galdu dituzula konturatzen zara eta asko ez dituzula berreskuratuko».
Eta norberaren prestutasunaz gain, halako taldeak beharrezko ikusten ditu Iganaciok: «Gure helburua edan gabe mantentzea da eta gaixotasun hau dutenei laguntzea puntu hortara heltzen. «Nik 19 urte daramazkit edan gabe eta ziurrenik bileretara etorri gabe ere ez nuke edango, baina horrela egingo bagenu denok, hau desagertu egingo litzateke. Eta guri laguntzeko prest egon zirenak bezala, guk ondorengoei laguntzeko egon behar dugu».
Ostegunetan bilera irekiak egiten dituzte informatzeko, 19:00etatik aurrera, Sandiusterriko lokalean. Eta bestela, telefono honetara deitu daiteke: 943 33 11 03 begin_of_the_skype_highlighting 943 33 11 03 end_of_the_skype_highlighting.