Zapa eta Martin Zabaleta, gogoan

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 19a, 02:00

San Joan jaietako iragarpen kontzertuaren XVII. edizioa ospatuko da gaur gauean. Orain dela 30 urteko gertaerak izango dira kontzertuaren ardatz nagusiak, Everesteko konkista eta Zaparen heriotza. Hernaniko hainbat taldek hartuko dute parte Preludioan, eta 22:30etan hasiko da.

Ohiturari jarraituz, iritsi da berriz ere San Joan jaietako iragarpen kontzertua. San Joanak iristear daudenaren adierazlerik garrantzitsuenak, XVII. edizioa beteko du aurten, eta eguraldiak tregua bat ematen badu gaueko 22:30etan hasiko da, Plazan. Beti bezala, Hernaniko hainbat musika eta dantza taldek prestatu dute ikuskizuna, eta 16 pieza interpretatuko dituzte guztira.


`Zapa´ren erailketa eta Martin Zabaletaren konkista, ardatz nagusiak Iragarpen kontzertuak iraganari begirada bat emango dio, eta orain dela 30 urteko gertaerak ekarriko ditu gogora. Izan ere, 1980ean herria asaldatu zuten bi gertaera gogoraraziko dituzte, batetik Martin Zabaletak Everestera igotzea lortu zuenekoa; eta bestetik, Zapa hil zutenekoa. Joxan Goikoetxeak prestatuta, Namaste Chao Lon­g­mu (Agur Everest), orain dela 30 urte Martin Zabaletak Eve­res­ten lortu zuen balentria gogoratuko du. Ikusen­tzun­ezko ikuskizuna izango da, musika, dantza eta irudiak nahastuko dituena Zabale­taren igoera gogoratzeko. Joaquin Ortega Canario Incansables txarangako kideak konposatutako El Zapa eta Zaparen Omenez piezek, 1980ko apirilaren 19an gertatutako Felipe Sagarna Zapa hernaniarraren erailketa go­goratuko dute. Gai­nera, lehenengo pieza hori Incansables txarangak joko du.


Zineak ere izango du bere lekua
Moulin Rouge eta El Prin­cipe de Egipto pelikulen so­i­nu bandaren piezak ere int­er­pre­tatuko dituzte aurtengo San Joane­tako iragarpen kontzertuan. Bi popurri ere prestatu dituzte aurtengo kontzerturako. Horietako batek, The Bea­tles talde britainiarra omenduko du eta bere kantarik ezagunenetakoak nahastuko ditu. Bestea, euskal kanta ezberdinak nahastuaz egingo duten popurria izango da. Bukatzeko, urtero bezala, Mendirik Mendi eta San Joan zor­tzikoa interpretatuko di­­tuzte.


Eguraldiaren menpe
Iragarpen kontzertuaren arduradunak zeruari begira bizi dira azken egunetan. Kon­tzertua Plazan ospatzeko erabakia hartuta dago, eta eguraldiaren menpe egongo dira azken unerarte. Iragarpen kontzertuaren ha­mazazpi edizioetatik behin bakarrik suspenditu behar izan dute. 200dik gora pertsonak parte hartzen dute kon­tzertuan, eta zorte pixka bat izanez gero, gaur ere ez dute suspenditu beharrik izango.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!