Atez ateko historikoak ezagutzera

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 19a, 02:00

Ekainaren 5etik 9ra bitarte, Gipuzkoatik berrogei pertsona joan dira Italiako iparraldera, bertako Atez-ateko hondakinen bilketa sistema ezberdinak ezagutzeko eta zaborrak nola gutxitu ikasteko helburuarekin.

Italiak 60 milioi biztanle inguru ditu eta horietatik 18 milioik funtzionatzen dute Atez-Ateko hondakin bilketa sistemarekin. Urte asko daramatzate zaborra ahalik eta gehien gutxitzeko probak egiten eta oso emaitza interesgarriak lortzen ari dira. Guzti horrengatik, italiarrak erreferentzia dira Europan eta munduan. Gipuzkoa­rrok, kontu honetan hasiberriak garenez, Atez-Atekoa­ren historikoak ezagutu nahi izan ditugu bidaia honen bitartez.

Gipuzkoako San Marko eta Debagoiena mankomunitateetako kideak, herri desberdinetako udal ordezkariak, ingurumen teknikariak, Atez-Atekoaren jarraipen batzordeetako kideak eta kazetariak osatu dugu talde zabal hau.
Italiako ipar-mendebaldeko bi eskualdetan ibili da Gipuzkoako ordezkaritza, Lom­bardian eta Piamonten. Helburu nagusia: beste herri batzuetan hondakinen gestioa nola egiten duten ikustea. Atez-Ateko bilketa sistema, birziklapen tasa igotzeaz gain, zabor kopurua gutxitzeko tres­na bezala planteatzen da, bitartekoa bezala, alegia.

Herri asko bisitatu dituzte
Bidaian zehar, herri asko bisitatu dituzte beraien hondakinak nola biltzen eta tratatzen dituzten ikusi eta sortutako zaborrarengatik nola ordain­tzen duten ezagutzeko. Gi­puz­koako edozein herri edo hiri baino handiagoek egiten dute Italian Atez-Atekoa.
Ondorengo orrialdeetan Italian ibilitako bost egunetan egindakoaren kronika dator. Besteak beste, Italiako gaur egungo egoera zaborren gaian, herri ezberdinen esperientzia, konpostaje planten funtzionamendua edo Ro­berto Cavallo E.R.I.C.A. kooperatibako presidenteari egindako elkarrizketa.

Alderdi politiko gehienak Italian izan dira

San Marko mankomunitatetik, Ricardo Ortega lehendakaria (Lasarteko EB-ko zinegotzia ere bada) eta Imanol Azpiroz lehendakariordea joan ziren Italiara. Udal ordezkarien artean, Gipuz­koako lau herritako alkateak; Aitor Etxeberria (Oiar­tzun), Xabier Mikel Erre­kondo (Usurbil), Marian Beitialarrangoitia (Hernani) eta Mikel Izagirre (Urnieta). Baita kolore askotako alderdietatik joandako zinego­tziak ere: Ezker Abertzalea, Aralar, EB, Alternatiba, EAJ eta PSE.
Udaletako ingurumen teknikari batzuk eta Usurbil, Hernani eta Oiartzungo Atez-Atekoaren jarraipen ba­tzordeetako kideak ere han izan dira. Hernaniko jarraipen batzordeko ordezkari bezala, Ibon Zapian. Bu­ka­tzeko, taldea osatuz, zortzi komunikabide ezberdinetako kazetariak egon dira Italian bidaian zehar ikusitakoa Euskal Herrian kontatzeko asmoz; Gara, Berria, Euskadi Irratia, Goie­na TB, Oiartzun Irratia, Usur­bilgo Noaua!, Lasart­eko Txintxarri eta Her­na­niko Kronika.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!