Udal Plenoak hiru mozio onartu zituen atzo arratsaldean, hamaika punturen artean. Horien artean Ekainak 28 izeneko mozioa onartu zuen aho batez, Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen aldeko. Ekainaren 28 da kolektiboaren Nazioarteko Eguna, eta Hernaniko Udalak konpromisoa hartu du, kolektiboaren alde lan egingo duela. «2010ean ere Hernaniko Udalak bat egiten du egun honen bueltan, sexu identitatearen aukera askatasuna defendatuz lan egiten duten milaka eta milaka erakunde, elkarte eta banakoekin, LGTBren eskubideen defentsa eginez». Mozioak dio, gizarteko arlo guztietan lan egin behar dela berdintasunaren alde, eta hori bultzatu behar dela erakundeetatik.
Elkarretaratzera dei egin du Plenoak, Udalbiltzaren alde
Herritar batek aurkeztutako mozioa ere onartu zuen Plenoak, Udalbiltzaren aldekoa, eta biharko elkarretaratzera dei egiten duena, 12:30etan Gudarien plazan. Gobernu Batzordeak eta EAJk alde bozkatu zuten, EB abstenitu egin zen, eta PSE-EE, Hamaikabat eta PPk aurka bozkatu zuten. EAJk eta Hamaikabatek ere aurkeztu zituzten bi mozio, eta ez ziren onartu.
Israelen erasoen aurkako mozioa
Onartutako hirugarren mozioa zen, Israelek Gazara zihoan giza-laguntzari egindako erasoaren kontrakoa.