Bihartik aurrera, Hernaniko anbulategiko gaueko zerbitzua kentzekoa zen Osakidetza, zerbitzuan erabaki dituen zenbait aldaketa tarteko, baina Hernaniko PACeko (Puntos de Atención Continuada) langileek jakinarazi dutenez, erabakia bertan behera uztea erabaki du azkenean Osakidetzak. Erabaki horretan, herritarrek, Udalak eta Hernaniko Kronikak izandako eragina eskertu nahi izan dute langileek. Guztira 4.000 sinadura bildu dituzte.
Dena dela, arazoa ez dela konpondu azpimarratu dute: «lortu dugun bakarra Hernanin gauez ez ixtea da, baina Legazpikoa desagertu egingo da eta Elgoibarren gauez itxi egingo dute. Eta larunbat goizetan ez dugu pediatriarik izango». Zerbitzuak eta langileen baldintzak okertu eta murriztuko direla ere azaldu dute. «Larunbat goizetan lan egin beharko dugu eta lehen ez. Esaterako, Lasarten, larunbat eta jaiegunetan 09:00etatik 21:00etara irekiko dute eta zerbitzu hori guregain utziko dute. Gainera ez dugu ulertzen Lasarten, pribilegio hori zertara datorren, guk ez dugu beharrik ikusten han».
Kontzentrazioa bihar 12:00etan Donostian
Hori horrela, denen eskubideak denfendatzeko lanean jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute Gipuzkoako PACeko langileek eta bihar bertan, kontzentrazioa egingo dute Donostian. Bengoetxea kalean dagoen anbulatorioaren aurrean jarri dute hitzordua 12:00etan.