«Eztabaida faltsua da, Atez Atekoa eta 5garren kontenedorea konparatzea»

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 17a, 02:00

«EZtabaida zentratu beharra» ikusten du Aralar alderdiak, zaborren gestioari bu­ruz­ko eztabaidan. Eztabaida fal­tsu bat sortzen dela dio, Atez Ateko bilketa eta bosgarren kontenedorea elkarren aurka jartzean, eta zenbait gai gehiago argitu behar direla uste du; zaborrak bildu on­do­renekoa, batez ere. Alter­na­tiba berritzaileak badaudela dio, erraustegia eta zabortegia ordezkatu dezaketenak.
Gai horri ahotan, Aralar alderdiak hitzaldia emango du gaur Biterin, 19:30­­etan, Zaborren tratamendua izenburua daukana. Re­be­­ka Ubera izango da hizlaria, alderdiko bozeramaile de­­na, Gipuzkoa­ko Batzar Na­gusietan.

«Inork ez du ematen
ikuspegi osorik»

Rebeka Uberak dio inork ez duela ikuspegi osorik ematen zaborrak tratatzeari buruz, eta eztabaida leku antzuan ematen ari dela. Desberdindu egin behar direla dio, za­bo­rrak biltzea eta zaborrak tratatzea. «Zaborrak biltzeko sistemak bat edo beste izan litezke egokiak, herri edo auzo bakoitzaren arabera, eta ba­koitzak bilatu behar du gehien komeni zaiona». «Her­nanin, adibidez, Atez Atekoa ez da egiten leku guztietan. Auzo batzuek bilketa puntuak dituzte. Eta zer dago bilketa puntuan? Bos­ga­rren kontenedorea».  
Bi sistemak konbinatu daitezke, Uberaren ustez, egoki ikusten denean, baina hori ez da eztabaida; «eztabaida da: zaborra bildu eta gero, zer?».

«Zaborrak tratatzeko modu berritzaileak behar dira»
Aralarko bozeramailearen us­­­tez, klabe batzuk ematen dira, baina beste batzuk ez. «Du­da­rik gabe, lehendabiziko priori­ta­tea da, ahalik eta gutxien sortzea; prebentzioa, alegia. Baina beti geratzen da zerbait, eta hor ez dugu ezer izkutatu behar. Zaborrak tratatzeko modu berritzaileak behar ditugu; behar ditugu, eta badaude, munduan leku askotan erabiltzen diren sistemak dira, erraustegia eta zabortegien alternatiba izan litezkeenak»

Errausketari eta zabortegi haundiei alternatiba
Bereizi eta gero, geratzen den errefusa gehiago bereizteko aukera badagoela dio Ara­larrek. Bereizi, eta berriz birziklatzeko katean sartu. «Tra­ta­men­du termiko-mekanikoak deitzen zaie, eta bereizi egiten dute errefusa: metalak separa­tzen ditu, alde batetik; bestetik plastikoa; papera... eta horrela, errefusa zatia %85 jaisten da. Beste zatiak, berriz birziklatzera joango lirateke».

Gasifikazioa, azken urratsa: oxigeno gabeko konbustioa
Errefusa %85 jaitsi dugu, eta gainerako %15a gasifikatzea da Aralarrek planteatzen due­na. «Gasifikazioa da, oxigenorik gabe egiten den konbustio bat, askoz ere garbiagoa, eta eskala txikiagoan». Metalak aurreko prozesuan kendu zaizikionez, gasifikazioa ez litzateke hain kutsakorra izango. «Ez dioxinarik eta ez furanorik, ez luke sortuko prozesu honek. Klabea metala da. Eta metala aurreko prozesuan kendu diogu». Eta hor sobra­tzen dena, zabortegietara joango litzateke. Aralarrek dionez, «zabortegiak egongo direla ez da ukatu behar».

Proposamena, «berritzailea, eta ekonomikoki biablea»
Aralarrek dioenez, eurek planteatzen duten sistema, oso-osorik ez dago inon martxan, eta alde horretatik berritzailea izango litzateke hori martxan jartzea. Bestalde, ekonomikoki «erabat biablea» izango litzatekeela diote.

«Atez Atekoak emaitza oso onak eman ditu»
Horrez gain, Rebeka Uberak dio, Atez Atekoak eman di­tuen emaitzak oso positiboak izan direla, eta gauza asko lortu dituela. «Emaitza oso onak ematen ari da, eta presio modu bat ere izan da zenbait erakunderentzako. Foru Al­dun­dia birziklatzea bultzatzen ari da, inoiz baino gehiago, eta hori Atez Atekoak eragin du. Eta 5garren kontenedorea za­bal­tzen ari da, eta hori ere Atez Atekoak eragin du».
Erraustegiari buruz, Rebe­ka Uberak garbi du Aralarren postura: «erraustegiaren kontra jarraituko dugu, eta moratoriaren alde.
Hitzaldia, gaur, 19:30etan, Biteri kultur etxean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!